San Prudentzio 2016

Kristauen mitologiatik

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2016ko api. 26a, 07:57

Elizak Armentia eta Estibaliz hautatu zituen kristautasuna zabaltzeko, santu bat eta ama birjina erabiliz fedea finkatzeko.

Armentia eta Estibaliz. Estibaliz eta Armentia. Arabako bi muino. Biak ala biak estrategikoak. Armentiako kokapen geografikoa dela eta, sarritan aipatu da erromatar garaiko Iter XXXIV bidea, Astorga eta Bordele lotzen duena, ingurua zeharkatzen duela. Estibalizen Lautada osoa kontrolatzeko begiratoki pribilegiatua dago, eta antzinako erromatar bidea ere ingurutik pasatzen da. Gipuzkoatik sartu eta Araba zeharkatzen duen erromatarren kaltzadak urte luzez herrialdea egituratzeko balio izan zuen, maila ekonomikoan, sozialean eta politikoan. Hartara, logikoa da Eliza Katolikoak erromatar garaiko kaltzada hura baliatzea Done Jakue Bidea Arabatik eramateko, modu honetan kristautasunaren zabalpena bermatzen zuelako.

Erdi Aroan, beraz, Armentia eta Estibaliz Done Jakue Bide berriaren gune garrantzitsuak bilakatu ziren,  eta tenpluak eraiki zituzten bertan, Armentian VIII. mendean, eta Estibalizen IX. mendean. Jatorrizko bi eraikin horien gainean eraikiko zituzten mende batzuk beranduago egun ezagutzen ditugun santutegia  eta baseliza, XI. eta XII. mendean hurrenez hurren.  

Armentiako inguruneak Eliza Katolikoarentzat duen garrantziaren adierazgarri da bertan kokatu zutela IX. mendean –egungo Baseliza eraiki aurretik– Arabako lehen gotzaindegia, eta Euskal Herriko zaharrenetakoa. Araba, Bizkaia, eta Gipuzkoako mendebaldea hartu zuen Armentiako gotzaindegiak, eta 21 apezpiku jaso zituen indarrean egon zen bitartean. 1087. urtean desagertu zen, Calahorrara eraman zutenean. 

Estibalizko muinoak Elizarentzat duen garrantzia frogatzen dute 962. urtean Andra Mariaren inguruan aurkitutako erreferentziek. Garai hartan jada Arriagako Kofradiaren bilkuren buru izaten zen Estibalizko Ama Birjina. Batzarretan biltzen ziren urte osoan Araba gobernatu behar zuten alkateak eta "epaile unibertsalak". Gainera, Arriagako kofradiako epaile nagusia Estibalizko mendixkara joan behar zen, urtero, maiatzaren 1ean, epaiak publiko egiteko. 

Estibalizko 'desafioak'

Halaber, egun horretan, ikuskizun  bitxian parte hartzeko aukera zuten Arabako herritarrek. Estibalizko Desafioak izeneko borroketan aritzen ziren Euskal Herriko jauntxoak urtean sortutako liskarrak konpontzearren. Borrokaldiak ekiditeko asmoa zuen ikuskizunak, izan ere urtean behin egiten zirenez, jauntxoek haserreak baretzeko denbora luzea zuten. Gainera, Estibalizko santutegiko errektorea saiatzen zen konbentzitzen  borrokalariak liskarrak alde batera uzteko.

Bestalde, santutegira kandela handiak eramateko ohitura zegoen maiatzean. Hego eta Ipar Euskal Herritik ere hurbiltzen ziren jauntxoak Estibalizko muinora, mezan parte hartzeko. Oreitiako jaunak bazkaria prestatzen zuen eta egun-pasa egiten zuten mendixkan.

1332. urtean, Gaztelak Arriagako kofradia desegiten duenean, Estibalizko santutegiak ordurarte izaniko eragina galtzen hasi zen, eta urte gutxiren buruan erortzeko zorian zegoen tenplua. Hala ere, Gasteiz, Ganboa, Landa, Azua eta beste herri askotako bizilagunak erromerian igotzen ziren urtero Estibalizera, eta dantzaldiak ere egiten zituzten bertan. XX. mendearen hasieran Arabako Diputazioak eta Gasteizko Udalak Santiagoko Ospitaleari erosi zioten tenplua, eta konpontzen hasi ziren.  1941. urtean izendatu zuten Estibalizko Andra Maria Arabako patroia.

Mitoak eta errealitatea

Ama birjinak eta santuak dira Eliza Katolikoak fedea finkatzeko erabili ohi dituen tresnak, eta hala egin du Arabako Armentian eta Estibalizen. San Prudentzio eta Estibalizko Andra Mariaren inguruan istorio, eta kondaira ugari jaso baitira herrialdeko patroiak izendatu arte.

San Prudentzioren inguruan kondaira luzeak eta bitxiak irakur daitezke, Armentia herriarekin duen lotura justifikatzeko eta baita Arabako patroia izendatzeko ere.

Hasiera-hasieratik nahasiak  dira Prudentzioren inguruko erreferentziak. Santuen bizitzaren inguruan idazten duten hagiografoek, esate baterako, mende desberdinetan kokatu dute Prudentzio, IV eta VI. mendeen artean, VIII. mendean eta baita XII. mendean ere; Eliza Katolikoak ere zalantzan jarri du benetan pertsonaia historikoa dela, eta kultutik atera zuen XVI. mendean. Hala, 1762. urtera arte Vatikanoak ez zuen onartu Prudentzio benetako santu izendatzea.

Bizitzaren inguruan zalantzak baldin badaude, benetan Armentian jaio zela ere ezin izan dute frogatu. Ikerlariek diotenez, litekeena da Prudentzio Armentian edo gutxienez Araban jaiotzea, eta Soriara erromes gisa joatea; bertan Saturio izeneko beste santu batekin eremita egin zen zazpi urtez, eta gero Calahorrara joan zen, "fedegabeak aldatzera". Ospe handia irabazi zuen bertan osaketa miraritsuak egiten omen zituelako. Calahorratik Tarazonara joan zen eta bertako gotzaina izendatu zuten.  Ondoko Burgo de Osma herriarekin liskarretan zegoen Tarazona, eta kondairak dioenez Prudentzio arazoak konpontzeko buru-belarri aritu zen, bakea egin arte. Orduan hil zen, bat-batean. 

Prudentziok agindu bezala, bere astoaren gainean jarri zuten hilotza eta animalia gelditu zen lekuan hilobiratu zuten, hain zuzen Logroñotik zazpi kilometrora dagoen kobazulo batean. Toki horretan, Laturce mendian, eraiki zuten 925. urtean San Prudentzioko Monasterioa, eta antza VII. mendean santua egin zuten pertsonaia.

Patroi polemikoa

San Prudentzio ez da Arabako historian egun duen garrantziarekin agertuko XVI. mendera arte gutxienez eta 1500. urtean erromeriak eta mezak egiten zituztela jaso da. Bestalde, zenbait ikerlariren arabera Armentiako antzinako gotzaindegiaren indarra eta eragina berreskuratzeko asmoarekin Arabako Diputazioak herrialdeko patroia egiteko proposatu zuen. Asmoak oposizio handia eragin zuen zenbait erakunderen eta herritarren partetik, San Prudentzio baino beste santu batzuk errotuagoak zeudelako Araban, eta gasteiztarren inposizio bezala hartu zuten. Azkenean, 1696. urtera arte ez zuten ofizialki Arabako patroia izendatu. 

Bestetik, Armentiako Baseliza 1979. urtera arte San Andresen izenean mantendu zuten, eta urte horretan erabaki zuten aldatzea.

 

Erlazionatuak

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide