Udalaren oposizioa erakutsi du Javier Gallego (Gasteiz, 1982) Erriberagoitiko EAJko alkateak Pobesko tren pasabidea salbatzeko aldundiak aurkeztu duen saihesbidearen proiektuaren aurrean. Pobesko udaletxearen balkoian bertan pankarta bat eskegi du udalak, Variante sí pero no así leloarekin. Aste honetan bertan Mugikortasun eta Bide Azpiegituren foru sailaren diputatuarekin, Jon Nogalesekin, batzartu dira udal agintariak, eta Gallegok ALEAri aurreratu dio prest ikusi duela aldundia udalaren ekarpenak kontuan hartzeko. "Neurri aringarriak hartzeko prest daude, eta udalaren alegazioak kontuan hartuko dituzte", esan du alkateak.
Udalean ados zaudete saihesbidearen beharrarekin, baina ez duzue egoki ikusten trazadura. Zergatik?
Horixe. Gure ustez, saihesbidea oso beharrezkoa da, batez ere Pobesko trenbide pasaguneak duen arriskuagatik. Gainera, gaur egun trenen maiztasun askoz handiagoa dago, eta lehen baino askoz ere motelago igarotzen dira herritik pasatzen direnean, eta, beraz, gehiago luzatzen dute itxaronaldia. Gero badakizu zer "zibikoak" garen denok, urduri jartzen gara eta bost minutu aurrezteagatik pasonibela gainditzen dugu. Eta egun osoa eman behar dugu 112 telefonora deitzen. Beraz, gerta dakigukeen onena da saihesbide bat egitea.
Zeintzuk dira, udalaren ustetan, aldundiak aurkeztu duen proiektuaren hutsuneak?
Sarrera eta irteera leku beretik dira, Arbiganako bentetatik, ez dago aurretik sarrerarik edo irteerarik edo larrialdietarako ihesbiderik. Ni ez naiz ingeniaria, baina leku beretik sarrera eta irteera bakarra duen saihesbide bat da, eta larrialdi baten kasuan horrek asko kezkatzen nau. Luizi bat, sute bat, istripu bat badago, nondik irtengo gara? Batzuek diote milioitik aukera bat dagoela zerbait gertatzeko, baina nik ez dut hain argi ikusten, urtero kolpeak izaten baitira sarrerako adar horretan. Irisgarritasuna ere hor dago, adinekoen zentro bat dugu, osasun zentro bat dugu… Zerbitzu guztiak Pobesen ditugu eta zaku baten hondoan geratuko da herria, isolaturik.
Zer proposatu du foru diputatuak?
Hasierako jarreratik mugitu da Jon Nogales diputatua. Hasiera batean ez zigun negoziatzeko aukerarik eman, proiektua bere horretan onartu behar genuela iradoki zigun lehenengo bileran, eta nik ulertzen dut hemen bizi garenok gu bagara herriarekin eseri beharko dela diputatua, herriak zer dioen jakiteko. Bilera hori duela bi urte izan zen eta beste bat izan dugu pasa den asteartean. Azken bilera honetatik pozik atera gara. Ikusi dugu jarrera aldaketa egon dela diputatuaren aldetik. Orain aldundia prest dago neurriak hartzeko obrak eginen dituzten kalteak arintzeko eta udalak aurkeztu behar dituen alegazioak ere kontuan hartuko ditu. Aurrekoa baino askoz bilera positiboagoa izan da, oso jarrera ona ikusi dugu Nogalesen aldetik.
Noizko aurreikusten ditu aldundiak obrak hasiko direla?
2027rako hasi nahi dituzte.
Udalak alegazioak aurkeztuko dituela esan duzu. Prest dituzue? Noiz amaitzen da horiek aurkezteko epea?
Orain alegazio aldian dago behin-behineko proiektuaren onarpena, eta, bestalde, egunotan jakinarazi dute behin betiko proiektua idazteko lizitazioa ere atera dela. Hilaren 26an amaituko da alegazioak aurkezteko epea, eta udalaren aldetik abokatu talde baten aholkularitzari esker hainbat alegazio aurkeztuko ditugu. Gainera, kaltetuenak izango diren Erriberagoitiko batzar administratiboen alegazioak ere bideratu ditugu eta ahal dugun neurrian behar izan duten laguntza eman diegu.
Zein izango da hurrengo urratsa?
Tira, oraintxe bertan alegazioak daude, Erriberagoitiko Udalarekin lanean ari den abokatu talde bat dago, eta gure ahalegin guztiak alegazioak egitera bideratzen ari gara; eta gero behin betiko proiektua etorriko da, eta beste alegazio eskaera bat egongo dela pentsatzen dut, azkenean desjabetzeak etorriko dira. Zain gaude, horrelako ataka batean nagoen lehen aldia da, eta espero dut azkena izatea. Aitortzen dizut saihesbidea beharrezko ikusten dudala, baina guztion beharrak asetuko dituena, eta hau oso proiektu faraonikoa da, gabezia batzuk dituena.
Zein litzateke egungo trazaduraren alternatiba?
Ea, nik elefanteak hegan ikus ditzaket, baina ingeniari talde baten aholkuak jarraitzen ditut, abokatu talde baten aholkuak jarraitzen ditut, eta badakite zertaz ari diren. Borondatea badago proiektu honetan, badira aukera batzuk aztertu ahal direnak. Ibilbide erabat berria planteatu daiteke egin nahi duten suntsiketa egin gabe; aurretik sarbide bat egitea ere planteatu daiteke; edo saihesbidea herrira gehiago hurbiltzea ere aukera bat izango litzateke, agian onena, Arbiganoko bentetaraino joan beharrean dauden azpiegiturak aprobetxatzea. Ez dira laborantza eremuak hainbeste txikitu behar, hori baita jasango dugun beste inpaktu bat, 1.450 metro linealeko biaduktu baten inpaktu bisuala. Segoviako akueduktua jarriko digute hemen!
Zure ustez, saihesbideak bizilagunen bizitza baldintzatuko du?
Obra hori hemen geratuko da bizitza osorako. Hau ez da desmuntatu daitekeen lego bat. Pentsa dezagun nola baldintzatu dezakeen saihesbide batek bizilagunen bizitza. Ez dut nahi duela 50 urte AP-68 autobidearena errepikatzea, ekosistema suntsitu zuten, ibaia suntsitu zuten, herri asko suntsitu zituzten, hekatonbe ekologikoa izan zen, akuiferoa hondatu zuten…, baina desjabetzeak ondo ordaintzen zituztenez mundu guztiak erosi zuen pisua Gasteizen eta hor konpon, inork ez zuen ezer esan, eta ez da erantzukizunik argitu. Ez dut hori nahi.