Arabako Foru Aldundiak behin behinean onartu du Pobesko pasonibela saihesteko kasik hiru kilometroko ingurabidea aurreikusten duen proiektua. Foru gobernuak gaur onartutako proiektuak ingurumen inpaktuaren txostena jasotzen du eta desjabetuko diren lurren zerrenda ere.
Aldundiaren eta Adifen artean adostutako obraren helburua da Pobes herria zeharkatzen duen trenbide pasagunetik autoak kentzea, izan ere Arabako errepide sarean dagoen pasagune gatazkatsunea da, Añana Kuadrillako errepide nagusietako batean dagoelako eta Gatz Haranera sartzeko bide nagusia delako.
Trenbidea saihesteko, 2,8 kilometroko luzera duen ingurabide bat eraikiko da. Lehenengo 875 metro egungo trazaduraren gainean egingo dira; halaber, 420 metroko luzera eta 20 metroko altuera duen biaduktu bat eraikiko da, trenbidea eta A-4316 errepidea zeharkatzeko. Ibilbide berriak herrigunea saihestuko du, trafikoa erdigunetik kanpo utziz, eta lehenik ekialdetik eta ondoren hegoaldetik inguratuko du herria, Baia eta Añana ibaien ertzetik hain zuzen.
Udalaren oposizioa
Erriberagoitiko Udalak aldundiak sustatu duen proiektua hasieratik arbuiatu du. Javier Gallego Erriberagoitiko alkateak Pobesko trenbide pasagunea saihestuko duen errepide bat eraikitzeko beharra defendatu du, baina ez dator bat aldundiak aurkeztu duen proiektuarekin, herria isolatuta geratuko litzatekeelako, eta "katastrofe bat" izango litzatekeelako.
Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak, ordea, gaur esan du orain dela momentua alegazioak aurkezteko.
Arabako Errepideen Plan Integralean (2016-2027) jasota dago Pobesko obra. Aldundiaren esku egongo da saihesbidearen obra aurrera eramatea, eta Adifek, berriz, bi oinezkoentzako pasabide eraikiko ditu –bat gainetik eta bestea azpitik–, trenbidea modu seguruan zeharkatu ahal izateko. Bi erakundeek 2022an sinatutako hitzarmenaren arabera, kostuak erdibana finantzatuko dituzte.