Biometano plantaren kontrako oposizioa nagusitu da Berantevillan

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2025eko abenduaren 4a

Biometanoa produzitzeko hainbat planta ditu Naturmetek Espainian. NATURMET

Berantevillan Naturmet enpresak jarri nahi duen biometano plantaren kontrako oposizioa argi eta garbi adierazi dute herritarrek. 226 idazki aurkeztu dituzte udalean plantaren kontra, eta soilik 5 alde

Naturmet Plus enpresak Berantevillan kokatu nahi duen biometano plantaren kontra 231 alegazio jaso ditu udalak azaroaren 10 eta 15 bitartean egin duen parte hartze prozesuan. Horietatik bost idazkik bakarrik azpimarratu dituzte plantaren alde positiboak. Gehiengo zabalak plantak herritarren bizi kalitatean izango dituen kalteak argudiatu ditu.
Prozesuan Berantevillan erroldatuta dauden bizilagun guztiek parte hartzeko eskubidea izan dute; guztira, 459 biztanle, eta herritarren erdiak parte hartu du, hain zuzen azken udal hauteskundeetan parte hartu zuen kopuru berdinak.

Udalak aditzera eman duenez, herritarren gehiengoak udalerriko HAPOa aldatzearen kontrako jarrera adierazi dute arrazoi ugari aipatuz:  "Ez dut uste instalatzeko lekurik egokiena denik, ez baitago enpresak behar duen etxalderik ez hondakinik", "ez dut nahi nire herriko bizi baldintzak okertzea", "Berantevillari eta komunitateari onura handirik ekartzen ez diolako", "gure herriak bere ongizatea eta kalitatea hobetzeko proiektuak behar dituelako eta ez kalte egin diezaioten", "mota horretako plantak dituzten herrietan esperientzia oso negatiboak izan dituzte, bizi kalitatea nabarmen okertu delako".

Horretaz gain, beste hainbat kezka gaineratu dituzte Berantevillako biztanleek; besteak beste, biometano plantak fauna autoktonoaren gaineko eragin negatiboa, lehorte arriskua, tokiko errepideetatik eta bideetatik zirkulatzen duten kamioi astunen kopurua handitzea, ustekabeko usainen eta isurien arriskua, ingurumen kutsadura edo ikusmen eta paisaia inpaktua. Halaber, akuiferoen kalteberatasuna aipatu dute zenbait herritarrek, eta enpresari ur hornidura ematearekin kezka azaleratu dute, kontuan izanik uda partean etxeko hornidura murrizten dela.

Garrantzi arkeologikoko eta nekazaritza balio handiko zonetan eraikuntzak izango duen eraginaren inguruko kezka ere jasotzen da aipatu idazkietan.

Orain, udalak Naturmet Plus enpresa sustatzaileari bidaliko dizkio bizilagunen alegazioak, kontuan izateko udal osoko bilkurari aurkeztu beharko dioten dokumentua idazterakoan eta prestatzerakoan, eta "herritarren kezkei erantzun ahal izan diezaieten". 

2022an lehen urratsa

Berantevillako plantaren aurreproiektua 2022an aurkeztu zuten, eta udalerriko HAPOaren aldaketa eskatu zuten planta bertan jarri ahal izateko. 2023an Arabako Foru Aldundiak aldaketa horren aldeko ingurumen txostena idatzi zuen, eta udalak legeak agintzen duen informazio publikoa eta publitzitate epea ireki zuen azaroan, herritarren iritzia jasotzeko. 

Enpresak, bere aldetik, bideo bat zabaldu du parte hartze prozesuaren harira sortutako oposizioaren eta proiektua zalantzan jartzen dutenen kontra, eta "difamatzea" leporatu die, plantak ekarriko dituen onurak zabaltzeaz gainera.

Naturmeten instalazioak 56.790 metro koadroko azalera hartuko du. Berantevilla herritik 1.600 metrora egongo da, Lacorzanilla poligonoaren iparraldean geratuko da, 2.000 metro ingurura, baita Escanzanaren mendebaldera ere, 1.900 metrora, eta Zadorra ibaiaren beste aldean dagoen Ribaguda herriaren ekialdera, 550 metrora.

Enpresak aurreikusten duenez, nekazaritzako eta abeltzaintzako  hondakinen bolumena batez beste 300 tonakoa izango da egunean, eta 112.000 tonakoa urtean. %58 minda eta simaurra izango da (65.000 tona urtean), %22,3 oiloen zirina da (25.000 tona urtean), eta gainerakoa nekazaritzako hondakin organikoak, zereal lastoa eta oliba alperujoa. Egunean 15 kamioiren joan-etorri hartuko du udalerriak.

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago