"Ikusten dugun gauza bakarra da gure bizi kalitatea kaltetuko duela. Egia esan, ez gara askorik fidatzen saltzen digutenaz, argi eta garbi". Berantevillako bizilagunek honela laburbildu dute nekazaritzaren hondakinak, baina batez ere abeltzaintzarenak, aprobetxatuz eraiki nahi duten biometano plantaren proiektuaren aurrean sentitzen duten errezeloa.
Azaroaren 10etik 15era Berantevillako Udalak prozesu parte hartzailea egin zuen, herritarrek biometano plantaren inguruan duten iritzia jasotzeko. Oraindik ez dute emaitzaren berri eman, baina bizilagunen talde batek kanpaina zabala egin du herritarren susmo txarrak bideratzeko eta prozesu horretan plantaren kontrako oposizioa adierazteko.
"Planta mota horiek kokatu diren beste herri batzuen esperientziak ditugu, eta usaina dago"
ALEAri azaldu diotenez mesfidantza da nagusi. "Ez dugu ulertzen zer zentzu duen biometano planta bat egiteak etxalderik ez dagoen leku batean, animalien mindaz elikatuko dela suposatzen denean". Naturmet Plus enpresak proiektuari buruzko hitzaldi bat eman zuen herrian, "eta esaten zuten hondakinak urrutien 30 kilometro ingurutik ekarriko dituztela. Baina Berantevillan ez dugu abeltzaintza esplotaziorik 30 kilometrora", azaldu dute bizilagunek.
Izan ere, enpresak berak 2022an aurkeztu zuen aurreproiektuan azaltzen duenez, Berantevillak komunikazio bikainak dauzkalako aukeratu dute: Ebro ibaiaren igarobidearen ardatzarekin bat egiten du eta N-1 errepidearekin, Errioxatik eta Burgosetik hurbil dago, baita ere, eta "lehengaiak probintzia horietatik ere hartu ahal izateko egokia da".
Instalazioak 56.790 metro koadroko azalera hartuko du. Berantevilla herritik 1.600 metrora egongo da, Lacorzanilla poligonoaren iparraldean geratuko da, 2.000 metro ingurura, baita Escanzanaren mendebaldera ere, 1.900 metrora, eta Zadorra ibaiaren beste aldean dagoen Ribaguda herriaren ekialdera, 550 metrora. Zadorra eta Ihuda ibaien Kontserbazio Bereziko Eremuan kokatuko da.
Beldur dira herritarrak. "Berantevillan badugu esperientzia horrelako proiektuekin, biodiesel planta bat daukagu, duela 30 urte ere saldu ziguten usainik ez zuela izango, kalterik ez zuela izango… eta 30 urte daramagu sufritzen", esan dute bizilagunek.
"Ez du konpentsatzen eman diezaguketen onura ekonomikoak izango dugun kalterako"
"Enpresak proiektua aurkezten du esanez dena super hermetikoa izango dela, kamioiak zisternetan etorriko direla, eta ez dela usainik edo filtraziorik izango, baina gero egia da guk planta mota horiek kokatu diren beste herri batzuen testigantzak ditugula, eta azkenean esaten dutena da usaina dagoela. Gainera ia ezinezkoa iruditzen zaigu akuiferoei eta lurrei filtraziorik ez egitea. Ez gaude planta honen alde", adierazi dute.
Gas horniduratik gertu
Hondakin organikoetatik digestatoa eta biogasa sortzea du xede plantak, gas sarean injektatu ahal izateko. Horregatik gas hornidura gertu izatea da Berantevillan kokatzeko Naturmet Plus SL enpresak duen arrazoi nagusia.
Izan ere, Nedgia konpainiaren banaketa sarea Lacorzanillako industrialdean dago, eta Nedgiaren gas sarerako lotunetik gehienez ere 100 metrora dagoen nekazaritza lursaila erosi dute instalazioa ezartzeko. Era berean, hautatutako lursaila distantzia berera dago Enagás konpainiaren bi gasbide tronkaletatik.
Urtean 112.000 tona hondakin
Enpresak aurreikusten duenez, nekazaritzako eta abeltzaintzako hondakinen bolumena batez beste 300 tonakoa izango da egunean, eta 112.000 tonakoa urtean. %58 minda eta simaurra izango da (65.000 tona urtean), %22,3 oiloen zirina da (25.000 tona urtean), eta gainerakoa nekazaritzako hondakin organikoak, zereal lastoa eta oliba alperujoa.
Hondakina fabrikan sartzeko, egunean hamabost kamioi beharko direla aurreikusten dute, eta Escanzanarako San Roman landa bidea erabiliko dute horretarako.
Proiektuaren kontraesanak agerian utzi dituzte herritarrek, eta iraunkortasun ekologikoa zalantzan jarri: "Herri txikietara hurbiltzen dira horrelako enpresak eta motoa saltzen digute, herriarentzat onura asko izango direlako, bai ekonomikoak, bai lanpostuetakoak, baina oro ez da urre. Hondakinak urrutitik ekarri behar dituztenez, ingurumen aztarna handia da. Oro har, kalitate gutxiko enplegua dakarten kualifikazio txikiko lanpostuak dira. Jasoko liratekeen zergak ez lirateke izango komunitateari hainbeste kalte eragiten ez dioten beste enpresa mota batzuenak baino handiagoak. Hau da, ez du konpentsatzen eman diezaguketen onura ekonomikoak izango dugun kalterako" azpimarratu dute.
Abiadura hartu du proiektuak
Oleofat talde nafarraren biometano dibisioa da Naturmet Plus SL. Gaur egun, Soriako Biovelgas biometano planta kudeatzen du, eta Extremaduran, Errioxan eta Andaluzian planta gehiago kokatzeko proiektuak aurkeztu ditu. Berantevillako plantaren aurreproiektua 2022an aurkeztu zuten, eta udalerriko HAPOaren aldaketa eskatu zuten planta bertan jarri ahal izateko. 2023an Arabako Foru Aldundiak aldaketa horren aldeko ingurumen txostena idatzi zuen, eta udalak legeak agintzen duen informazio publikoa eta publitzitate epea ireki du hilabete honetan, herritarren iritzia jasotzeko. Halaber, Soriako plantara bisita antolatu du enpresak iragan urrian, eta hitzaldia ere antolatu du herrian. Beren aldetik, herritarrak antolatzen hasi dira plantaren proiektuaren kontra. Enpresak bere aldetik bideo bat zabaldu berri du proiektua zalantzan jartzen dutenen kontra eta "difamatzea" leporatzen die.
Enpresak bideo bat zabaldu berri du proiektua zalantzan jartzen dutenen kontra.