Bost mila urtetik gora duen ardi moztailearen ofizioak bi mugarri historiko izango ditu hurrengo hilabeteetan Euskal Herrian. Hurrengo irailaren 27an Abadiñoko probalekuan Euskal Herriko Ardi Moztaileen Lehen Txapelketa egingo dute, Golden Shears Munduko Ardi Moztaileen Kontseiluak jartzen dituen nazioarteko arauen araberako lehiaketa, eta historian lehen aldiz Euskal Herriko moztaile txapeldun bat izango da.
Euskal Herriko txapelketaz gainera, Nazioarteko Ardi Moztaileen Txapelketa ere jokatuko da Bizkaian. Euskal Herriak, Eskoziak, Irlandak, Herbehereek, Frantziak, Espainiak eta Alemaniak neurtuko dituzte indarrak bertan, eta maila handiko moztaileak izango direla adierazi du Euskal Ardi Moztaileen Elkarteak (EAME).
Aho batez onartu dute Euskal Herria munduko txapelketan lehiatzea
Guztira, 60 moztaile arituko dira eta Euskal Herriko 700 ardiri moztuko diete ilea. Bi dira Euskal Herriko eta nazioarteko txapelketetan ardi moztaileak erabiliko dituzten modalitateak: makina eta guraizea. Makina bidezkoan, ardiaren ilea elektrizitate bidezko makinarekin kenduko dute. Guraize modalitatean, ardien ilea eskuzko artaziekin moztuko dute.
Euskal Herriko selekzioa
Bigarren gertakari esanguratsua 2026ko martxoan izango da, Zeelanda Berrian ospatuko den Golden Shears World Championship munduko txapelketan lehenbiziko aldiz Euskal Herriak selekzio propioarekin parte hartuko baitu. Selekzioa Euskal Herriko zazpi probintzietako ardi moztaileek osatuko dute, eta nazioarteko zirkuituan zein hiru urtetik behin ospatzen den munduko txapelketan parte hartu ahal izango dute Euskal Herria-Basque Country bezala.
Golden Shears Munduko Kontseiluak aho batez onartu zuen 2023an Euskal Herriari beste herrialdeekin batera lehiatzeko aukera ematea, besteen artean, Espainiarekin eta Frantziarekin.
Euskal Herria munduko txapelketa horretan ordezkatuko duen taldea bederatzi lagunek osatuko dute: makinaz arituko diren bi moztaile, guraizez arituko diren bi moztaile, artile kudeatzaile bi, talde burua, epailea eta entrenatzailea.