Gaztelu zaharra, etorkizun bila

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2024ko mar. 3a, 08:00

Estulizko gaztelua, negu honetan. Argazkia: E.U.

Estulizko Erdi Aroko gaztelua hondamenditik salbatzeko eta duen garrantzia zabaltzeko proiektua martxan jarri dute. 

Gaztelu dotorea da Estuliz. Itsas mailatik zortziehun metrora kokatuta dago, haitz bakarti eta malkartsu batean; eta talaia horretatik izen bereko herri txikia, zelaiak eta mendiak zelatatzen ditu. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hoberen kontserbatutako gaztelua da, Zanbranakoekin batera; eta zaharrenetakoa ere bada. "Erdi Aroko berrogeitik gora gaztelu daude Euskadin, baina gehienak desagertuta daude; bi metroko altuera besterik ez dute; edo, Gebarakoa bezala, eraikin-mamuak dira. Oso gutxik dute Estulizko gotorlekuak dituen monumentaltasuna eta indarra". Jose Luis Solaun arkeologoak azaldu duenez, harrigarria bada ere, gaur arte Gaubeako gazteluak ez du interesik piztu ikertzaileen eta arkitektoen artean, ezta administrazioen partetik ere.

Bisita gidatua Estulizko gaztelura. Argazkia: PHOT.OK

Bisita gidatua Estulizko gaztelura. Argazkia: PHOT.OK

Urte luzez erabat abandonatuta egoteagatik, sastrakek eta arteek gazteluaren harresia, armen patioa eta dorrea okupatu eta hondatu dituzte, eta denborarekin ere gazteluaren kareharrizko talaian lur-jausiak gertatu dira. Egoera larria ikusirik, Gaubeako bizilagun bakan batzuen kezkagatik sortu zen gaztelua berreskuratzeko lehenbiziko ekimena. "Turismo kulturalerako aukera asko dituen arren, duela bi urtera arte ez da inolako interbentziorik egin –azaldu du Solaunek–. Egia da mendian dagoela gaztelua, eta mendia izaten jarraitu behar duela, hori ezin dugu aldatu; baina eraikina babestu daiteke, berreskuratu, eta irakurketa historiko bat egin daiteke, azaltzeko zer egiten duen gazteluak hor".

Ildo horretan, aste honetan aurkeztu dute Solaunek berak eta Angel Garcia arkitektoak Estulizko Gaztelua Berreskuratzeko eta Balioztatzeko Proiektua, Gaubeako udaletxean egindako hitzaldi ireki batean. Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako Foru Aldundiaren diru laguntzari esker abian jarri dute proiektua, eta udalaren babesa izan du hasieratik. Ikuspuntu didaktikoa eta turistikoa nahastuko dituen proiektua da, eta hiru epetan banatuko dira hurrengo bi urteetan eginen diren esku hartzeak.

EHUko Ondare Eraikiari buruzko Ikerketa Taldeak 2021ean egin zuen indusketa arkeologikoari esker berretsi dute lehen gaztelua X. eta XI. mendeen artekoa dela, eta horren gainean eraiki zutela, XIV. eta XV. mendeen artean, bigarren gaztelu bat. Diego Perez de Sarmientok eraiki zuen bigarren gaztelu hori, bere aita Diego Gomez de Sarmientok Gesaltza Añanako Jaurerria jaso eta hamarkada batzuk geroago. Solaunek azaldu duenez, 2021ean egin zen lehen esku hartzearen asmoa gaztelua ikertzea zen, baina pausu bat gehiago emateko asmoa ere bazegoen: "Beti izan dugu buruan, gaztelua berreskuratzearekin batera, duen garrantzia nabarmendu behar zela, XXI. mendeko arkeologiaren helburua ez delako soilik ezagutza, baizik eta ezagutza hori zabaldu eta herritarrak proiektuetan parte hartzea".

Arriskuak salbatzeko lana

Lehen urrats horretatik aurrera, ekipo tekniko bat sortu da egitasmoa aurrera eramateko. Horretan, arkitektoak, arkeologoak, geologoak eta topografoak daude. 2023an zehar lekuan bertan egiten hasi diren ikerketekin eta eraikinak dituen arriskuak saihesteko eta konpontzeko lanekin jarraituko dute aurten. Angel Garcia arkitektoak proiektuaren konplexutasunak azaldu ditu. "Lehen kezka mendixkaren ekialdean egon diren lur-jausiak izan dira, baina ikerketa geologikoak egin eta gero ikusi dugu gaztelutik herrira doan mendi-bizkarrean ez dagoela arrisku handirik". Gazteluaren barrualdeko iparraldean dauden haitzak ere hondatuta zeudela azaldu du arkitektoak, baina dagoeneko konpondu dituzte arazo horiek. Halaber, sastrakez garbitu dute ingurunea, eta gaztelura doan bidean hainbat kartel jarri dituzte eraikinaren inguruan egon daitezkeen arriskuez ohartarazteko. "Ezin dugu debekatu mendira joatea, baina jendeari ohartarazi nahi diogu eraikinaren zati batzuk erortzear daudela eta kontu handiz ibili behar dela", azpimarratu du Solaunek.

Gazteluak dituen arrisku larrienak konpondu eta gero, planoak, altxaerak eta mozketak marraztu dituzte, eta ingurunea topografiatu dute. Hala, 933 argazkirekin eta hainbat plano topografikorekin gazteluaren 3D bidezko irudi ikusgarria osatu dute Enklabe enpresako teknikoek. Datu horiek guztiak bigarren fasean erabiliko dituzte, hain zuzen, aurten hasi eta hurrengo urte osoa hartuko duen denboraldian, gazteluaren dorrea finkatzeko lanak egiteko fasean. "Dorrea ondo kontserbatuta dago baina tara asko ditu", azaldu du Solaunek.

Gaztelu erasoezina izateko eraiki zuten Estuliz, eta horrenbestez, mendiko bide estu batetik bakarrik sartu daiteke bertara. Horrek eremua berreskuratzeko lanak oztopatuko ditu, eta aurrekontuaren zati handi bat erabili beharko dute beharrezkoak diren materialak mendira igotzeko. Talde teknikoak ez du azken erabakia hartu, baina helikoptero bidez materialak igotzea pentsatzen ari dira, 2019an, Zaitegi eta Letona artean, San Vitoresko ermita berreskuratzeko egin zuten moduan. "Sarbidea ez da erraza izango mendian dagoelako, eta asmoa ez da autopistarik edo bide handirik eraikitzea. Proiektu jasangarria izango da, hasieratik bukaera arte".

Dena ondo bidean, 2025etik aurrera, gaztelua bisitatzeko ibilbideak martxan jarri ahalko dira, eta inguruan dauden beste baliabide monumentalekin batera, turismoa eta kultura uztartzen duen Gaubeako urte osoko eskaintza osatuko du Estulizek.

Estulizko proiektuaren aurkezpena. Argazkia: PHOT.OK

Estulizko proiektuaren aurkezpena. Argazkia: PHOT.OK

Urte osoko programa

Proiektua garatzeko orduan, teknikoen lanarekin batera, herritarren parte hartzea ere garrantzitsua izango da. Ildo horretan, Solaunek azaldu duenez, bizilagunen ekarpenak kontuan hartuko dituzte gaztelua berreskuratzeko prozesuan lehentasunak finkatzeko garaian, eta aurrera begira egin beharreko zabalpenean. Hartara, talde teknikoarekin batera, talde sustatzaile bat osatu dute udal teknikarien, Gaubeako bizilagunen, eta, Paquita Saenz de Urturi bezala, laguntzeko prest agertu diren adituen artean.

Yolanda Sobron Gaubeako turismo bulegoko arduradunak azaldu duenez, dagoeneko urte osoko ekitaldien egitaraua antolatu dute egitasmoaren zabalpena egiteko. Hala, hilabetero hitzaldi bat izango da herriaren eta gazteluaren historiaren hainbat alderi buruz; toponimia ere aztertuko dute; bisita gidatuak egingo dituzte Gazteluko eta Santa Colomako aztarnategietara, Saenz de Urturik lagunduta; eta San Millan eliza erromanikoaren inguruko solasaldia egingo dute. Halaber, urriaren 20an, Estulizen eta Gaubeako beste hainbat herritan induskatzen aritu diren emakume arkeologoei omenaldia egingo diete. 

Erlazionatuak

Estulizko gaztelua, 3Dn ikusgai

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute ots 27 Añana   Gaubea

"Ondo legoke Estulizko gaztelua berreskuratzeko ekimen bat"

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2021 mai 20 Añana   Gaubea

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago