jose luis solaun

"Ondo legoke Estulizko gaztelua berreskuratzeko ekimen bat"

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2021ko mai. 20a, 08:00

Jose Luis Solaun EHUko arkeologoa da indusketen zuzendaria. J.S.

Arabako gazteluen inguruko ikerketa zabal baten barruan hasi dira Estulizkoa ikertzen; lehen aldia da eraikin hori induskatzen dutela.

Gaubeako Estulizko gaztelua ikertzen hasi da aste honetan EHUko Ondare Eraikiaren Ikerketa Taldea, Jose Luis Solaunen zuzendaritzapean. Noiz eraiki eta hustu zuten argitu nahi dute arkeologoek, eta lanak irauten duten bitartean bizilagunak gonbidatu dituzte indusketara.

Zer helburu du hasi berri den indusketak?


Eusko Jaurlaritzak finantzatutako ikerketa-proiektu baten parte da, Euskal Autonomia Erkidegoko ondarea ezagutzera bideratuta. Arabako "Erdi Aroko" gazteluen jatorria, funtzionaltasuna, abandonua eta bestelakoak ezagutzea du helburu, eta hori guztia ezagutzera ematea. 

Ezezagunak al dira gazteluak?

Gezurra dirudi, arkeologoek induskatu dituzten lehen monumentuak direlako, beti han egon direlako eta elementu ikonikoak direlako, baina oso gutxi ezagutzen dira. Hau da, ez dakit zehazki zein den kopurua, baina Araban idatziz dokumentatutako berrogeita hamar edo berrogei bat gazteluetatik dozena baten jatorria baino ez dakigu, hau da, noiz eraiki ziren eta zer bilakaera izan duten. Gauza asko esan dira gaztelu hauen inguruan, eta asmoa da informazio hori guztia txukuntzea. Lehenik eta behin, jakin behar dugu musulmanen mugarekin lotuta dauden, eta ondoren Nafarroaren eta Gaztelaren arteko muga politikoarekin zer harreman duten.

Zergatik aukeratu duzu Estuliz?

Asko harritu ninduen Estulizen inoiz ez dela inolako esku-hartze arkeologikorik egin, Araban hobekien kontserbatutako gaztelu bat izanik. Beraz, duen monumentaltasuna ikusita, esku-hartze bat planteatzea erabaki nuen, eta horrekin batera, artxibo desberdinetan dagoen dokumentazioa ikertzen ari gara.

Gazteluarekin zerikusia duten dokumentuak aurkitzea espero duzue?

Estulizko gazteluari buruzko lehen dokumentu idatzia tenente bati buruzkoa da, hau da, XII. mende hasierako Iruñeko Erregearen ordezkari bati buruzkoa. Garrantzitsua da 1100eko erreferentzia hori izatea, Arabako gaztelu baten inguruko lehen aipamena Zabalatekoa baita, 1040. urtekoa. Dena den, Erdi Arotik XIX. mendera arte dagoen guztia atera nahi dugu, eta dagoeneko gauzatxoak aurkitu ditugu. Udal artxiboan gazteluarekin lotutako gutxi dago, baina, adibidez, Zaragozako artxiboan eta probintzialean aurkitu dugu zerbait.

Eta jakin daiteke noiz eraiki zuten?

Tradizionalki, Arabako gaztelu guztiak, batez ere Kantabriako mendilerrokoak eta hemen zeu- denak, bi gertaera historiko handirekin lotu izan dira: errege kristauek musulman oldeen aurka egin zituzten gerrekin, hau da, VIII. mende hasierarekin; eta, ondoren, XI. mendetik aurrera, Nafarroa eta Gaztela arteko gerrekin. Estulezi buruz ezer ez dakigun arren, bigarren gertaera historikoarekin duen lotura argi dago; lehen prozesu historikotik, aldiz, ez dago ez materialik ez idatzirik.

'Mairuen gaztelua' ere deitu izan zaio Estulizko gazteluari.

Historiografiak eta mediebalistek Toloñoko eta hemengo gazteluak beti lotu izan dituzte musulmanen oldeekin, baina ez dago hori baieztatzeko elementurik. Burgosko lurralde batzuetan, aldiz, kronologia horren aztarnak daude, baina, hemen, Euskadin, oraingoz, ez dago halakorik. Horrek ez du esan nahi existitu ez zirenik, egon zitezkeen zurezko egiturak, gero harriz eraikitzen denean aztarnarik utzi ez dutenak, suntsitu egin dituztenak, baina bitxia da, inguruko beste herri batzuetan harrizko gaztelu egiturak daudelako garai horietakoak.

Zer esku-hartze mota egingo duzue?

Nahiko apala izango da. Indusketa bat egingo dugu, hogeita hamar bat metro koadroko zuloa egingo dugu, dorrearen eta kanpoko harresiaren artean dagoen pasabide batean; eta irakurketa estratigrafikoa ere egingo dugu. Hau da, arkitekturaren arkeologia aplikatuko dugu kontserbatzen diren paramentuen gainean. Lan erraza ematen du, nahiko lan homogeneoa dirudielako. Morteroen karbono-14 lagin batzuk ere bilduko ditugu, dorrea noizkoa den eta gaztelu hori noizkoa den jakin ahal izateko. 

Erraza izango da bertan lan egitea?

Harkaitzetako gaztelu hauen arazoa da, Zabalaten bezala, estratigrafia gutxi kontserbatzen dela. Oso metaketa txikiak daude, arroka oso azkar azaleratzen delako eta sedimenturik uzten ez duelako. Lehen helburua, esan dudan bezala, noiz dagoen eraikita jakitea da, eta gutxienez, ikusten ari garena da oso egitura sinplea duela. Uharka ikusten da, dorrea ikusten da, eta, sarreran, harrien pilaketa baten azpian, landaketaren bat. Baina, tira, nahiko txikia da, ez da Zabalate bezalakoa.

Zenbat denbora beharko duzue lana amaitzeko?

Aste honetako asteazkenean hasiko gara, eta aste batean edo aste eta erdian lanekin amaituko dugula uste dut.

Herritarrak indusketara gonbidatu dituzue.


Bai. Santa Maria katedralean ezarri zen filosofia jasoz, jendeak nahi duenean igotzea nahi dugu, bertan egongo gara haiei arreta emateko eta zertan ari garen azaltzeko. Gu ere horretarako gaude, ez dugu arkeologia ikusi behar sorginen sekretismoren bat balitz bezala, gure bulegoetan itxita edo inork ulertzen ez dituen gauzak egiten egongo bagina bezala; jendea igotzea nahi dugu, eta zer egiten dugun azalduko diegu. Udaletik ere esan didate hitzaldiren bat egin beharko genukeela, pozarren, baita gaztelura bisita bat egin ere.

Indusketa egin eta gero, zerbait gehiago aurreikusten da proiektuan?

Etorkizunari begira, gaztelua berreskuratzeko proiektu bat ere planteatzea ondo legoke, erortzen ari delako, landaretzaz beteta dagoelako, arteek harresien buruak kaltetzen ari direlako.... Monumentu multzoa bezala katalogatuta dagoenez, zergatik ez planteatu proiektu bat Kulturaren %1eko diru-laguntza hori edo beste baten bat gaztelua berreskuratzeko, sendotzeko eta kontserbatzeko? Helburua ere hori da. Nire ustez, zerbait egin daiteke, apala, baina gutxienez, belar- sastrakak garbitzea eta harresien buruak babestea, galtzeko arriskua baitute. Ziurrenik, Gaubeako Udalak ez du aurrekontu nahikorik izango, baina epe ertainera gai honi heldu beharko zaio.

Noizko izango ditugu indusketen emaitzak?


Ni behartuta nago emaitza guztien memoria aurtengo urrian aurkeztera. Dena den, gauza batzuk unean bertan jakin ahalko ditugu; zeramika ateratzen bada, adibidez. Lehen emaitza batzuk lehenago izango ditugu.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago