esklusiba

Lan erritmo "basatiak" salatu dituzte Gaubeako tomate negutegian

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2023ko eka. 22a, 06:00

Gaubeako tomate negutegia martxan da. Argazkia: PHOT.OK

Cultivos Araba enpresaren tomate hidroponikoen plantan lan egiteko ikastaroa egin duten eskualdeko bizilagunen ordez, kanpokoak, formakuntzarik gabe, hartzen ari direla salatu dute hainbat langile ohik.

Ekainaren 13an sartu zituzten lehen tomate landareak Gaubeako tomate hidroponikoen makro-negutegian, 130.000 landare hain zuzen, eta negutegi erdia martxan jarri dute jada. Hurrengo tomate txanda irailean sartzea aurreikusten du Cultivos Araba enpresak, eta horrekin batera, negutegia funtzionamendu betean jarriko dute, eta agindutako berrogeita hamar langile kontratatuko. Alta, planta martxan jartzearekin batera, langileen kontratazioaren eta lan baldintzen inguruko salaketak zabaldu dira Gaubean eta Añanako Kuadrilla osoan.

Duela gutxi arte makro-negutegian lan egin duten hainbat langilerekin egon da ALEA, eskualdean azken hilabeteetan ahoz aho dabilen informazioa egiaztatzeko. Momentuz, modu anonimoan hitz egitea nahiago izan dute langile hauek, baten batek oraindik ez duelako enpresarekin harremana guztiz amaitu. Egiten duten salaketa nagusia Cultivos Araba enpresa langileak kontratatzeko erabiltzen ari den politikarekin zerikusia du.

"Almeria estiloko" lan baldintzak ezarri nahi dituztela esan dute negutegiko langile ohiek

Langileek azaldu dutenez, eskualdeko 60 bat lagun ibili dira 2022 urtetik negutegian lan egiteko ikastaro berezi bat egiten, eta enpresa, ordea, kanpoan ari da jendea kontratatzen, prestakuntzarik gabe. "Gaur, hamabost langile daude plantan lanean, eta gehienak ez dira ikastaroan ibilitakoak. Magrebtarrak kontratatu dituzte, Gasteizko ABLEen bitartez, eta hemengo langile batzuk ere, baina ikastaroa egin ez dutenak". Azpimarratu dutenez, tomate hidroponikoetan lan egiteko ikastaroa egin duen jende gehienari "ez diote deitu ere egin".

Negutegian lan egiteko itxaropenarekin, bi hilabete eta lau hilabete arteko formakuntza egin dute Añana inguruko 60 bat gaztek. "Printzipioz, –esan dute langile ohiek– prestakuntza hori beharrezkoa zen tomate plantan lan egiteko. Denetarik ikasi behar izan genuen, azken belaunaldiko negutegi baten funtzionamendua, tomate hidroponikoen maneiua... Guztira, hiru ikastaro egin dira, eta bakoitzean 20-25 pertsona ibili gara", adierazi dute.

Praktikak, berriz, Barrenetxe kooperatiban egin dituzte, Bizkaian, enpresa hori baita Almeriako Hispalusekin batera Cultivos Arabako bazkidea. "Ahalegin handia egin zuen jendeak ikastaro horietan parte hartzeko; batzuk langabezian zeuden, baina beste batzuek lana utzi zuten negutegian lana lortzeko itxaropena zutelako. Esan ziguten ikastaroa gainditu behar genuela lanean sartzeko, azterketa ere egin genuen; bermerik ez zegoen, baina argi zegoen formaziorik gabe ezin zela sartu", azpimarratu dute langile ohiek.

Diru publikoa, atzean

Are gehiago, Cultivos Arabako plantan lan egiteko ikastaroak Arabako Foru Aldundiak diruz lagundutakoak izan direla azpimarratu dute: "100.000 euroko inbertsioa egin du Arabako Foru Aldundiak, Hazi bitartez, ikastaro horiek finantzatzeko. Amorrua ematen digu diru publikoa horrela erabiltzea".

Negutegian lan egiteko itxaropenarekin, bi eta lau hilabete arteko formakuntza egin dute Añanako 60 bat gaztek

Langileen formakuntza finantzatzeko ekarpena ez da tomate hidroponikoen plantak jaso duen diru laguntza bakarra. Añanako langileek gogoratu dutenez, "Pepe Alonso Hispaluseko nagusiak Eroskin nahi zituen saldu tomateak, eta horretarako Barrenetxe Bizkaiko nekazaritza kooperatibarekin elkartu zen, eta Cultivos Araba sortu zuten. Modu horretan, Eusko Jaurlaritzaren diru laguntzak eskuratu dituzte". Guztira, 4,7 milioi euroko diru laguntzak jaso ditu Cultivos Araba tomate hidroponikoen planta martxan jarri ahal izateko.

Tomate plantan darabilten kontratazio politikarekin batera, lan baldintzak eta kaleratzeak salatu dituzte langile ohiek. Ziurtatu dute "oinarririk gabeko arrazoiengatik" kaleratu dutela jendea: "Kexatzen denean, jendea botatzen dute. Ez da enpresa serio bat. Dena berdin zaie, eta oihukatzea da dakiten gauza bakarra da".

Bestalde, behin tomateak sartu direnean plantan eta negutegia martxan jarri denean, ageriago geratu da langileentzat lan esku oso merkea behar dutela, "Almeria estiloko lan baldintzak ezartzea, dena azkar eta arreta gutxirekin egitea". Halaber, lan erritmo "basatiak" inposatu dituztela ohartarazi dute, "etorkinek ere aitortzen dute hori, eta esaten dute txakurrak bezala tratatzen dituztela".

"Harrigarria da, erlojuaren kontra lan egiten da, eta lana, noski, gaizki gelditzen da"

Langile ohien salaketaren arabera, ez diete hitz egiten uzten. "Eta jendea entzuten dutenean hitz egiten isiltzeko oihukatzen digute; ezin da erlojua sartu lanera, denbora ez kontrolatzeko. Haiek kontrolatzen dute erritmoa, zenbat orga betetzen diren kontrolatzen dute ohol batean, eta jendea horrekin presionatzen dute", esan du langile batek. Beste batek dio: "Harrigarria da, erlojuaren kontra lan egiten da, korrika batean, eta lana, noski, gaizki gelditzen da, baina hori ez zaie inporta".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago