UAGA sindikatuak, lehen aldiz, Tuestako industrialdean ireki asmo duten tomate hidroponikoen makronegutegiaren kontra hitz egin du, eta auzian jarri du, gainera, euskal administrazioek egitasmoari eman dioten babes ekonomikoa eta soziala. "Administrazio publikoak tematuta daude Tuestan proiektatutako tomate makronegutegia martxan jartzeko asmoarekin. Instalazioa gelditu behar izan zuten, tamaina horretako enpresa batek behar dituen energia kostuak direla eta. Hala ere, badirudi diru publikoaren beste injekzio batekin berriro jarri nahi duela abian".
Iragan astean, Elikadura Iraunkorraren aldeko Mugimenduak prentsa ohar batean adierazi zuen bezala, UAGAk ere berretsi du egoitza nagusia Almerian duen enpresak lau milioi euro baino gehiago jaso dituela Eusko Jaurlaritzaren partetik. "Tomate hidroponikoa landatzearen alde egiten duen enpresa bat da, energiaren ikuspegitik oso mendekoak diren teknologiak erabiliz. Erakundeek, proiektua defendatzeko, eskualdean enplegua sortzea aipatzen dute, besteak beste, baina aipatu diren lan baldintzak ere nabarmen murriztu dira hasieran agindu zituzten baldintzetatik", azpimarratu du Arabako nekazarien sindikatuak.
"Inkoherentzia larria"
Sindikatuaren ustez, gainera, administrazioek Gaubeako proiektuari eman dioten babesa "inkoherentzia larria" da Euskadiko lehen sektoreko sarea eta ekonomia sostengatzen duten familia nekazaritzaren eta abeltzaintzaren aldeko "adierazpen etengabeekin".
Halaber, Tuestako makronegutegiak ordezkatzen duen nekazaritza ereduaren aurrean duen jarrera argi finkatu du nekazarien sindikatuak: "UAGAk uste du proiektuak ez diola inola ere erantzuten landa eremuaren eta, bereziki, lehen sektorearen beharrari", eta gaineratu du banaketa enpresa handi baten hornidura premiei hobeto erantzuten dion egitasmoa dela, "Arabako nekazaritza eta abeltzaintza eredu tradizionala ordeztuz".
UAGAren ustez, proiektua justifikatzeko erabili den landa eremuaren garapena, "familia-nekazaritza batean oinarritu behar da, tokiko biztanleria kontuan hartuko duena eta lehen sektoretik abiatuta tokiko eta eskualdeko ekonomiaren dibertsifikazioa bultzatuko duena".
UAGAren jarrera aldaketa
Orain arte, tomate hidroponikoen makronegutegiaren inguruan sortutako eztabaidan, Arabako nekazarien sindikatua albo batera geratu izan da, eta galdetu izan zaionean, Javier Torre sindikatuko lehendakari ohiak tomate negutegiaren alde hitz egin du, eta argudiatu du eskualdean ez dagoela baratze ustiategirik, "beraz, ezin dugu esan deseroso gerta dakigukeenik". Duela bi urte honako hau esan zuen: "Beste produktu batzuk merkaturatzeko aukerak egon daitezkeela uste dugu, eta enplegua sortuko du inguruan".