Garraiolari bat hil da AP-1ean, Ribabellosan

Erredakzioa 2023ko api. 18a, 08:00

Istripua gertatu den zonaldea, Erriberabeitiko udalerrian. GOOGLEMAPS

Kamioilariaren ibilgailua bidetik atera eta amildu da. Araban, 24 ordu eskasetan, lan istripuan hil den bigarren garraiolaria da.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ohar bidez jakinarazi duenez, ezbeharra 02:15ean jazo da, AP-1 errepidean, Ribabellosan, Eibarko noranzkoan. Argitu gabeko arrazoiak tarteko, ibilgailua bidetik atera da eta troka batetik behera jausi da. Garraiolaria ibilgailu barruan geratu da harrapatuta, eta suhiltzaileek ateratzea lortu dutenerako, haren heriotza egiaztatu baino ezin izan dute egin. Ertzaintzak ikerketa abiatu du gertatutakoa argitzeko.

24 ordutan Araban hil den bigarren kamioi gidaria da bart gauekoa; eta tarte berean Arabako errepideetan hildako hirugarren laguna. Atzo goizaldean, AP-68 autobidean istripua izan zuen gizon batek, Zanbrana parean; ibilgailua irauli eta errepidetik atera zen, eta osasun langileek eta suhiltzaileek gidaria bertatik atera zuten arren, azkenean bertan zendu zen. Bestalde, atzo eguerdian, txirrindulari bat hil zen Legution, furgoneta batek harrapatuta.

Elkarretaratzea

LAB sindikatuaren datuen arabera, gaurkoarekin 17 behargin hil dira aurten Hego Euskal Herrian lan istripuen ondorioz; horietatik bost Araban, gaurkoa ere kontuan hartuta. Ostiralean, hilaren 21ean, LAB, STEILAS, ESK, HIRU eta EHNE sindikatuek elkarretaratzea egingo dute 11:00etan Gasteizen, SEA patronalaren egoitzaren aurrean,

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago