Txirrindulari bat hil da Legution, furgoneta batek harrapatuta

Erredakzioa 2023ko api. 17a, 14:25

N-240 errepidea, Legutio parean. / Argazkia: Google Maps

Furgoneta batek 68 urteko txirrindulari legutioar bat harrapatu eta hil egin du N-240 errepidean, Goiain parean.

Astelehen honetako 12:00ak aldera, Larrialdi Zerbitzuek abisua jaso dute N-240 errepidean, Goiain parean (Legutio), gertatutako istripu batez ohartarazteko, furgoneta batek txirrindulari bat harrapatu duela esanez.

Ertzaintzaren patruilak, suhiltzaileak eta osasun langileak bertaratu dira, biktima bertan artatzeko. Segurtasun Sailak baieztatu duenez, suspertze-lanak egin dituzten arren, ezin izan dute ezer egin 68 urteko gizonezkoaren bizitza salbatzeko.

ALEAk jakin duenez, harrapatutako txirrindularia Aramaion jaiotakoa zen, baina Goiain zuen bizileku; haren etxetik gertu izan da istripua. Ertzaintzak ikerketa abiatu du istripuaren arrazoiak argitzeko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago