Kamioilari bat hil da Zanbranan, istripu batean

Erredakzioa 2023ko api. 17a, 09:30

AP-68 autobidea, Zanbrana parean. / Argazkia: Google Maps

39 urteko garraiolari bat hil da AP-68 autobidean, Zanbrana parean, galtzadatik irten eta albo batean kamioia iraulita gelditu ostean kabinaren barruan harrapatuta. Errei bat itxita dago Logroñorako noranzkoan.

Astelehen honetan, 07:00ak aldera, zirkulazio istripu hilgarri bat gertatu da AP-68 autobidean, Zanbrana parean. Garraio ibilgailu bat galtzadatik irten eta albo batean iraulita gelditu da. 39 urteko gidaria kamioiaren kabinaren barruan harrapatuta geratu da, eta suhiltzaileek erreskatatu behar izan dute. Askatu ostean, bertaratutako anbulantziako osasun zerbitzuek heriotza baieztatu dute.

Istripuaren ostean, Ertzaintza bertaratu da trafikoa erregulatzera; izan ere, eskuineko erreia itxi dute Logroñorako noranzkoan. Halaber, istripuaren arrazoiak argitzeko ikerketa abiatu dute.

LAB sindikatuaren datuen arabera, 2023an dagoeneko 16 langile hil dira lan istripuz Euskal Herrian; horietatik lau Araban, gaurkoa kontuan hartuta. "Garraioaren sektorea da laneko ezbeharren gaitza gehien pairatzen dutenetako bat. Lan istripuak lan baldintza txarren eta prebentzio zein segurtasun neurri faltaren ondorio dira", salatu du sindikatu abertzaleak, 2022an hamaika garraiolari lan istripuz hil zirela gogora ekarriz.

"Oso prekarioak dira garraioaren sektoreko lan baldintzak: lanaldi luzeak, estresa, presioak, garraioagatik ordaintzen duten prezio baxua, lan egiteko moduak berekin dakarren elikadura ez osasuntsua...", gaineratu du LABek. "Garraioaren sektorean gertatzen diren lan istripu gehienak guztiz saihets daitezke, eta borondate politikoa baino ez da behar garraiolarien lan eskubideak bermatzeko eta errespetatzeko neurriak jartzeko, baita erakunde publiko eta enpresa guztien inplikazioa ere".

"Garraio sektoreko langileek pairatzen dituzten lan baldintza gogorrak eragin zuzena dute sektoreko ezbehar tasan, eta, zoritxarrez, gero eta ohikoagoak bilakatzen ari dira garraiolariek izaten dituzten istripuak, zeintzuk prekarietatearekin lotura estua duten", salatu du ELA sindikatuak, bere aldetik.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago