Iter XXXIV

Galtzadak gordetzen zuena

Juanma Gallego 2023ko api. 14a, 07:00

Trespondeko arrasto arkeologikoen inguruko ate irekien jardunaldia. / JUANMA GALLEGO

Iter XXXIV erromatar galtzadaren zati bat agertu da Tresponden, eta baita duela 5.000 urte inguruko herrixka neolitiko baten aztarnak ere. Arkeologoek bertatik bertara eman dituzte azalpenak.

"Hau ez da batere ohikoa", dio Leandro Sanchez Zufiaurre arkeologoak. Adituak ez dio erreferentzia egiten aurkikuntzari berari —jakina da hori ere ez dela batere ohikoa—, baizik eta obra baten erdian aurkitutako aztarna arkeologikoak interesa duen orori azaltzeko aukerari.

Hilaren lehen asteburuan jarri dute hitzordua arkeologoek Tresponden (Iruña Oka), AHTaren lanak egiteko obretan azaldutako arrasto arkeologikoen berri emateko. Eta jende andana bildu da aurkitutako arrasto horien inguruan azalpenak jasotzeko.

Bertan kontatutakoari jarraiki, galtzada erromatarra aurkitzea ez da ezustekoa izan, aurretik zientzialariek bazutelako informazio nahikoa pentsatzeko bertatik igarotzen zela Astorga eta Bordele lortzen zituen Iter XXXIV bidea. Espero zutena baino kontserbazio egoera txukunagoan azaldu da azpiegitura zaharra. Baina benetako ezustekoa etorri da galtzadaren bi aldeei erreparatu dietenean, bertan herrixka neolitiko bat azaleratu delako.

Galtzada bertan egotea espero zuten, baina herrixka neolitikoarena izan da ezusteko handiena

Rafa Varon arkeologoak eman ditu galtzadari buruzko azalpenak. Gogora ekarri du kantabriar gerrak bukatu eta gutxira eratu zirela halako asko, bai aurrekoak egokituz zein berriak sortuz. "Jakin badakigu Errioxa, Aragoi eta Nafarroa artean Erromako legioek sei urtean baino gutxiagoan eraiki zutela Zaragoza eta Iruñea arteko lotura, eta ondoren Ebroko haranean zehar gora egin zuten". Galtzadak eraiki zituzten legioen izenak ere ezagutzen dituzte, bideetan jarritako zedarrietan adierazita agertzen baitira.

Galtzadan bertan egindako hainbat konponketa dokumentatzeko moduan egon dira arkeologoak, eta baita uraren kalteak arindu aldera sortu zituzten hainbat egitura ere. Galtzadan ondo ikusi ahal izan dute erromatar bide hauen ohiko egitura: arrokazko zoruaren gainean, buztin geruza bat; eta, horren gainean, harlauzak. Izan ere, beste hainbatetan bezala, halako azpiegiturak eraikitzen trebeak ziren erromatar ingeniariak.

Eraikinen bila

Alabaina, galtzada bera ez ezik, erromatarrek egin zuten ekarpen handiena izan zen hainbat kilometrotik behin mutatio bat jartzea, postetxe horietan zaldiak berritu eta bidean azkar aurrera egin ahal izateko. Hain justu, eta Iruñea-Veleiatik hain gertu egonda, antzeko azpiegitura edo bestelako eraikin baten bila ari zirenean egin dute topo herrixka neolitikoarekin. Egoitz Alfaro arkeologoak azaldu duenez, batez ere biltegiratzerako zuloak aurkitu dituzte, zerealak eta bestelako jakiak bertan gordetzekoak. Horrez gain, etxoletako zutoin zuloak — karratuak zein zirkularrak— eta labeak aurkitu dituzte.

"Karbono-14 bidezko analisiei esker ikusi dugu duela 5.000 urte ingurukoak zirela. Hots, galtzadaren eraikuntza baino 3.000 urte lehenagokoak dira. Eta, seguruenera, Iter bidearen azpitik ere egitura neolitikoak egongo dira", aurreratu du.

"Bagenekien Gasteiz inguruan komunitate neolitiko indartsuak egin behar zirela"

Alfonso Alday, arkeologoa

Orotara, 18.000 metro koadro hartzen ditu Trespondeko aztarnategiak —inguru horrek Arrojeta du izena, bisitaldian bertan auzokide batek azaldutakoaren arabera—, eta are zabalagoa izan daiteke, AHTa egiteko obra eremutik kanpo ez dutelako induskatu. Aukera hori diputazioaren edo Jaurlaritzaren ardura izango zela azaldu du Sanchez Zufiaurrek.

Bisitari batek lur horiek desjabetzeko aukeraz egindako galderaren aurrean, arkeologoak erantzun argia eman du. "Ez. Gauzak hala eginez gero, Araba gehiena desjabetu beharko litzateke. Zure etxea ere, seguruenera", ziurtatu du, bisitariari erantzunez. Babestu du biderik onena dela aurkikuntzak ondo dokumentatzea, informazio arkeologikoa galdu ez dadin. Kasu honetan, hilabete inguru izango dute oraindik.

"Garrantzitsuena da mekanismo legalak egon daitezela, hau bezalako kasu bat gertatzen denean informazioa galdu ez dadin, eta informazio horrek behar adinako kalitatea izan dezan", argudiatu du. Dioenez, gauzak ondo egin dira oraingoan. Parekorik gabeko elementuren bat azaldu izan balitz —mosaiko bat, adibidez—, elementu hori lekuz mugitzearen alde azaldu da Sanchez Zufiaurre.

Modu ez ofizialean eginda ere, Neolito aroko aditu Alfonso Aldai arkeologoa ere batu da azalpenen jariora. "Aitortuko dizuet albistea irakurri nuenean emozionatu nintzela", ekarri du gogora. Besteak beste, Pariburuko (Dura) megalitoa induskatzen ibili berri da Aldai, eta jakin bazekien Gasteiz inguruan dauden megalito sorta zabala ikusita, egitura horiek sortu zituzten komunitate indartsuak agertu behar zirela.

"Eta hemen agertu da bat", esan du, pozik. Lasaitasuna eskatu du aurkikuntzak behar bezala interpretatu arte —"arkeologoak ez gara alferrak, baina bai nahiko geldoak"—. Dioenez, aurkikuntzaren meritua Araban inoiz izan zen arkeologo onenari aitortu behar zaio, "Zoria arkeologoari, hain zuzen".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago