"Harritu egin gaitu Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoak auzitegietan salaketa bat jartzeak, komunikabideen eta sare sozialen aurrean behar bezala zabalduta". Horrela erantzun dio Miguel Angel Montes Iruña Okako alkateak, azken udalbatzan, gizarte etxeko mural interaktiboaren aurrean arkitektoen elkargoak jarritako auzi-eskeari.
Izan ere, alkatearen esanetan, Langraiz Okako gizarte etxeko mural interaktiboari buruzko auzia aztertzeko, arkitektoen elkargoaren idatzizko erantzun baten zain egon da Udala, bi urtez, salaketa jaso arte. "Orain, epaimahaiak aztertu egin beharko du Iruña Okako Udalak, Tecnalia bezalako erakundeekin batera, udal jabetzako gizarte etxean egin zuen jardunaren inguruko ñabardura guztiak", esan du alkateak; eta gaineratu du Udalak, bere zerbitzu juridikoen bitartez, bere argudioak eman eta arrazoitu dituela auzitegietan.
Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak Iruña Okako Udala auzitara eramango zuela iragarri zuen iragan hilabetean, Roberto Ercilla eta Miguel Angel Campo arkitektoen "jabetza intelektualeko eskubideak urratzeagatik". Arkitektoen elkargoak epaitegian aurkeztutako demandan jasotzen denez, "agerikoa da horma-irudiak eraikinaren funtsezko balioa deuseztatzen duela, estetikari eta materialtasunari dagokienez. Hori arkitektura lan baten osotasunaren aurkako atentatu argienetako bat izan liteke, eraikinaren esentzian eta egileen jatorrizko ikuskeran egindako aldaketa dela eta".
Alkateak, aldiz, azpimarratu du teknologia berriei esker, ikusleei obrarekin elkarreraginean aritzeko aukera ematen diela gizarte etxeko horma-irudiak, "alderdi soziala eta kolaboratiboa baitu, Iruña Okako bizilagunak izan baitziren obra gauzatzen lagundu zutenak".
EAJ, oso kritiko
Arkitektoen salaketa hizpide izan dute, beraz, Iruña Okako urriko udalbatzan, eta EAJk auzian jarri du PSEko udal gobernuaren jokaera. Hala, jelkideek gogoratu dute hasieratik baimena eskatzeko beharraz ohartarazi ziotela alkateari. "Abisu hori baztertu egin zuten, eta arkitektoen elkargoari berari ere entzungor egin zitzaion". Bi urte geroago, "udalaren aurkako salaketa bat dugu mahai gainean", esan dute.
EAJren ustetan, gainera, argi dago "gaizki" egindako gauza bat dela, eta konponbiderik aurkitzen ez zaion neurrian, are okerrago. "Ez da murala polita den ala ez. Udalaren beste hanka-sartze bat izan da, 7.000 euro€ baino gehiago inbertitu baititu horma-irudi horretan, eta orain airean dago bere etorkizuna", esan dute.
Alkateak, bere aldetik, deitoratu egin du horma-irudiaren eztabaida "borroka politikorako eta hauteskundeetarako" argudio gisa erabiltzea.