Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak Iruña Okako Udala auzitara eraman du Roberto Ercilla eta Miguel Angel Campo arkitektoen "jabetza intelektualeko eskubideak urratzeagatik". Herriko gizarte etxean mural bat margotzeagatik aurkeztu duten salaketa tramitera onartu du auzitegiak.
Arkitektoen elkargoak gogoratu duenez, eraikina 1994 eta 1996 bitartean eraiki zuten, eta Espainiako Arkitekturaren V. Biurtekoan aitortua izan zen. Gainera, 2004an Veneziako Arkitektura Bienalean Espainiako pabiloia ordezkatzeko hautatua izan zen. Alta, 2020ko irailean, Iruña Okako Udalaren aginduz, Irantzu Lekue artistak, "muralismoa eta teknologia berriak batzen dituen konposizioa" egin zuen eraikinaren fatxadan. Une horretan udal aldizkariak jaso zuenez, "Langraiz Okako fatxada grisa kolorez bete da. Oraindik amaitu ez bada ere, eraikinaren erdiko modulua estaliko duen horma-irudi itzelaren irudi koloretsuaren zirriborroa ageri da jada. Iruña Okako Udalak bultzatutako aldaketa honen arduraduna Irantzu Lekue da, fatxadak eta hormak bizitzen aditua den artista gasteiztarra".
Udalak, "kasurik ez"
Ez dirudi, ordea, aldaketa koloretsua arkitektoen gustukua izan denik. Elkargoak adierazi duenez, mural hori egingo zela jakin zutenetik, Iruña Okako Udalarekin akordio adostua lortzen saiatu dira; "gizarte etxea berehala jatorrizko egoerara itzultzeko eskatu zen, eta horretarako baliabide teknikoak eskaini ziren". Hala ere, salatu dute udalak ez zuela "horma-irudia kentzeko borondaterik erakutsi".
Arabako arkitektoen elkargoak epaitegian aurkeztutako demandan jasotzen den bezala, "agerikoa da horma-irudiak eraikinaren funtsezko balioa deuseztatzen duela, estetikari eta materialtasunari dagokienez. Hori arkitektura lan baten osotasunaren aurkako atentatu argienetako bat izan liteke, eraikinaren esentzian eta egileen jatorrizko ikuskeran egindako aldaketa dela eta".