Gaubeako tomate negutegiaren proiektua gelditu egin dute

Erredakzioa 2022ko eka. 16a, 09:06
Gaubeako negutegia hilabete honetan hasi behar zen tomateak ereiten.

Ura, argia eta gasaren prezioen igoerak negutegiaren zabalpena sei hilabete edo urte bete atzeratzea eragin du.

Cultivos Araba enpresa Gaubeako Tuesta industrialdean eraikitzen ari den hamar hektareako tomate negutegiaren zabalpena sei hilabete edo urtebete atzeratuko da. Radio Vitoria-k Araba Gaur saioan eman du albistea. Egitasmoa bertan behera uzteko erabakia ere omen dago mahai gainean, enpresaren arduradun batek bertan lan egin behar zuten hautagaiei bilera batean azaldu dienez. Uraren, argiaren eta gasaren prezio altuak daude erabakiaren atzean.

Aurreikuspenen arabera, hilabete honetan hasi behar ziren Tuestako negutegian tomateak ereiten, baina maiatzean Cultivos Arabak bilera bat deitu zuen, enpresak egindako hautaketa-prozesuan parte hartu zuten langileekin. Bertan, arduradun batek esan zien sei hilabete eta urtebete artean atzeratuko zela irekiera, eta ez irekitzeko aukera ere mahai gainean zegoela. Arrazoia: argiaren, uraren eta gasaren prezio altuak. Gaineratu zuenez, tomate negutegia martxan jarriz gero, aurreikusitako tamaina murriztuko zuten, baita atalak ere, eta Irunera eramango lituzkete biltegiratzea eta paketatzea. Lan-baldintzak ere aldatuko dira, eta astelehenetik ostiralerarte lan egiteagatik 1.500 euro kobratu ordez, denboraldiko soldata batera pasatuko dira.

Cultivos Araba Hispalus Almeriako enpresaren eta Barrenetxe Bizkaiko ekoizlearen artean sortu den enpresa da. Tuestan, kristalezko eraikin eta pabiloiak eraiki dituzte, tomate hidroponikoak eta, aurrerago, beste produktu batzuen landaketa  egiteko, eta Eroskirekin batera merkaturatzeko. Guztira, 15 hektarea dira, eta lehen fasean 50 lanpostu sortzea aurreikusten zuten.

Tomate hidroponikoen egitasmoaren aurrean, Elikadura Jasangarriaren Aldeko Mugimendua sortu da eskualdean, eta negutegi handiaren aldean, Gaubeako nekazaritza eta abeltzaintza ekologikoko ekoizpen eta kontsumo eredua defendatu du.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide