Tomate hidroponikoen proiektua gelditzea baztertu du Gaubeako alkateak

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2020ko uzt. 10a, 10:00

Negutegiaren kontrako oposizioa agerian geratu da Gaubeako merkatuan.

Parte-hartze prozesua abian jartzeko prest agertu da alkatea, "baina oso argi izanda informazio-prozesu bat izango litzatekeela, eta ez erabaki-prozesu bat".

Tomate hidroponikoen proiektua baztertzeko zenbait elkartek Gaubeako Udalari egin dioten eskaera arbuiatu du Juan Carlos Garcia Escudero alkateak. EAJko eledunaren esanetan, Gaubeako Udalaren gehiengoa ez dator bat elikadura jasangarriaren aldeko elkarte horien planteamenduekin,  "eta, beraz, ezin dugu onartu proiektua berehala geldiarazteko egin duzuen eskaera". Halere, onartu du "parte-hartze prozesu bat" abiatzea, "argi izanda informazio-prozesu bat izango litzatekeela, eta ez erabaki prozesua. Erabakia Udalbatzak hartuko du; horretarako ia urtero joaten gara hauteskundeetara".

Are gehiago zehaztu du Escuderok: "Herritarren subiranotasuna erakunde bakoitzeko hautetsiek dute, eta Gaubeako zazpi zinegotzietatik bostek baiezkoa emango diote Tuestako negutegien proiektuari. Nahi duzuen informazioa guztia eta nahi dituzuen partaidetza-prozesu guztiak izango dituzue, baina azken erabakia ezin zaio udalbatzari ostu; eta uste dut erabakia oso argi dagoela: %72 alde, eta, agian, %28 kontra". 

Alegazioak biltzen ari dira

Tuestako tomate hidroponikoen berotegia gelditzeko asmoz, Udalari aurkeztutako eskaerarekin batera, ahalik eta alegazio gehien bildu nahi dituzte tokiko ekoizleek eta agroekologiari lotutako zenbait elkartek. Hilaren 17a baino lehen aurkeztuko dituzte bildutako idazkiak Gaubeako udaletxean. Horietan proiektuari emandako baimena bertan behera uztea, jardueraren ingurumen inpaktuari buruzko azterketa egitea eta parte-hartze prozesu bat abiatzea galdegiten dute. "Gaubea modu egoki batean hobetzeko" premia aldarrikatu dute, "bertako lehen sektoreari lagunduz, eta horrela, ingurunearen beharrak eta proposamenak aintzat hartuz".

Udalak dagoeneko onartu du baimena Hispalus enpresak Tuestako industrialdean, hogei hektareako lurzoruan, tomateen negutegi bat eraikitzeko. Alegazioa sinatzen dutenek, berriz, uste dute erabaki hori hartu aurretik Gaubeako bizilagunak informatu beharko zituela Udalak. "Gure etorkizunean eragina izango duen erabaki honetan parte hartzeko aukera ukatu izana sumatu dugu".

Halaber, lurzoru ez urbanizagarrian halako enpresa bat kokatu aurretik, ingurumen inpaktuari buruzko azterketa egitea beharrezkoa dela jaso du alegazioak. "Proiektuak menpeko eta kaltebera izango den ekoizpen eredua ekarriko du; energia, teknologia aurreratua eta ur kantitate hamdiaren beharra duena, kantitatea saritzen duena; eta eredu industrial produktiboa nahiago du, nekazal-eredu familiarra eta iraunkorraren aurrean".

EH Bilduk ere alegazioa aurkeztu du

Bere aldetik, Gaubeako EH Bilduk ere egitasmoa gelditzeko eskatu du aste honetan. Hala, alegazio bat aurkeztu dio sailkatutako jardueraren espedienteari, proiektu teknikoa, memoria eta ingurumen-inpaktuaren azterlana ez duelako, "eta jarduera horretarako egokiak ez diren lurretan kokatu nahi delako". Koalizio abertzalearen esanetan, gainera, enpresak kristalezko negutegiak ez ezik, "beste elementu osagarri batzuk" ere eraiki nahi ditu, "hala nola, gas-biltegi bat, ureztatze-gela bat edo konpost-planta bat, hori guztia tomate hidroponikoak ekoizteko proiektuari lotuta".

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago