Trespondeko oiloen makro-etxaldearen kontrako 900 sinadura bildu dituzte

Erredakzioa 2022ko ots. 10a, 11:49
Trespondeko bizilagunak sinadurak biltzen ari dira. ALEA

Ovo 12 kooperatibak zabaldu nahi duen instalazio intentsiboak bizilagunen eta ingurumenean izan dezakeen "kaltea" salatu dute.

Tresponden eta inguruko herrietan bizi diren arabarrek sinadura bilketa abiatu dute Ovo 12 kooperatibak bertan zabaldu nahi duen 40.000 oiolentzako etxaldearen proiektua bertan behera uzteko. Change.org plataforman asteazkenean bertan aktibatu zuten sinadura bilketa eta dagoeneko 880 sinadura jaso dituzte.

Bizilagunek gogoratu dutenez, Tresponden ehun bat familia bizi dira, Gasteiztik gertu, eta Babes Bereziko eremu batean, Natura 2000 Sarearen barruan hain zuzen. Nabarmendu dutenez, eraiki asmo duten makro-etxaldea bezalako instalazioek "arazo oso larriak" sortzen dituzte: "berotegi-efektuko gasen ekoizpena, amoniakoa besteak beste; usain txarrak; izurriteak ugaltzea; lurzoruen kutsadura; ur gehiegi kontsumitzea; Zadorrara isurtzen den Subijanako akuifero naturala nitratoz kutsatzea; eta osasun-arazoak eta infekzioak pertsonentzat.

Etxaldea herrigunetik 500 metro eskasera kokatu nahi dela gaineratu dute. "Frogatuta dago etxalde intentsiboetatik gertu bizi diren biztanleek amoniakoarekin eta abeltzaintza-mota horretatik datozen mikropartikulen isurketarekin lotutako arnasketa-arazoak dituztela, gaixotasun infekziosoak transmititzeko foku potentziala baita".

Gainera, Badaia mendilerroaren eta Zadorra ibaiaren ertzaren artean ibilbide berde bat dagoela azaldu dute. "Kutsadura hibridoa –adibidez, hegaztien gripea– jasateko arriskua duten hegazti autoktonoak eta migratzaileak bizi dira". Halaber, salatu dute nekazaritzako elikagaien eredu intentsibo horrek ez dituela "ingurumen-segurtasuneko gutxieneko baldintzak betetzen, eta osasun-arazo larriak sortzen ditu".

Horregatik guztiagatik, Iruña Okako Udalari, Arabako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari bideratuko dizkiete sinadurak eta protesta hurrengo egunetan, haien iritzia eta arrazoiak kontuan hartu ditzaten erabakia hartzeko orduan. Halaber, Trespondeko Batzar Administratiboko lehendakariak kezka agertu du Ovo 12 enpresak zabaldu nahi duen makro-etxaldearekin.

Ovo 12

Euskadiko Elikaduraren Clusterraren arabera, Ovo 12 kooperatiba Gasteizen egoitza duen Oilo Arrautzen Ekoizleen Kooperatiba bat da, Hego Euskal Herriko eta Burgosko ekoizleak biltzen ditu, eta 1.150.000 oilo ekoizteko gaitasuna du, hau da, urtean 25,3 milioi arrautza.

EAEko kooperatibako bazkideek 700.000 oilo baino gehiago biltzen dituzte, sistema guztietan, alegia, kaiolan, larrean eta ekologikoan. Hortaz, EAEko ekoizpen-ahalmenaren %60a du, eta hegazti-hazkuntzako sektorean erreferentea da.

Hobea, Hobea Ekologikoa eta Campero, Lurrarekin –Eusko Label–, Eukalovo eta Hobea Food Service markekin merkaturatzen ditu arrautzak Ovo12 kooperatibak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide