Joan den astean ezagutzera eman zen kooperatiba batek 40.000 oilo hartuko lituzkeen ustiategi bat Tresponden jartzeko lizentzia eskatu diola Iruña Okako Udalari. Iruña Okako alkate Miguel Angel Montesek berak ALEAri baieztatu zion espedientea aztertzen ari direla.
Proiektu horren inguruko eztabaida Iruña Okako Udaleko osoko bilkurara iritsi da asteazken honetan. EH Bilduk bere "erabateko arbuioa" adierazi dio proiektuari, eta hainbat argudio aurkeztu ditu "eredu arriskutsua" dakarren azpiegituraren aurka. Horrekin batera, horrelako proiektuei atea ixteko, hirigintza arauak berrikustea eta udalerriko nekazaritza zein abeltzaintza ereduari buruzko "eztabaida sakona" eskatu du.
Iruña Okako EH Bilduren bozeramaile Davide di Paolak aurkeztutako txostenak proiektuaren inguruko xehetasun tekniko ugari eskaintzen ditu: adibidez, Trespondeko 3. poligonoko 4. partzelan obra-lizentziaren eskaera OVO 12 kooperatibak erregistratu du.
Azpiegitura horren instalazioaren aurkako argudioei dagokienez, EH Bilduren ustez "onartezina" da hegaztiak edo beste animalia batzuk intentsiboki ustiatzeko edozein proiektu berri planteatzea, "aldez aurretik lurraldean plangintza estrategikorik egin gabe, jarduera horiek ingurumenean, osasun publikoan, biosegurtasunean eta animalien ongizatean dituzten arrisku guztiak kontuan hartuta".
Izan ere, talde independentistaren arabera, mota horretako instalazioek "arazo oso nabarmenak" sortu ohi dituzte: besteak beste, "berotegi-efektuko gasen ekoizpena, usain txarrak, intsektu eta karraskarien ugaritzea, simaurraren kudeaketa eta lurzoruen kutsadura eta ur gehiegi kontsumitzea... Finean, onurak baino askoz arazo gehiago". Bestalde, azpiegituren "etengabeko" mantentzea edo "enpleguaren kalitate eskasa" aipatu dituzte.