Iruña Okako alkateak berretsi du oiloen etxaldearen espedientea aztertzen ari direla

Erredakzioa 2022ko ots. 4a, 12:35

Oiloak modu intentsiboan hazten dituen etxalde bat.

Miguel Angel Montesek ez du azalpenik eman instalazioaren inguruan: "Ez dut prebarikatu nahi".

Oiloak modu intentsiboan hazteko etxaldearen espedientea aztertzen ari da Iruña Okako Udala. Hala berretsi dio udalerriko alkate Miguel Angel Montesek ALEAri. Dena dela, enpresaren eskaeraren inguruan ez du azalpen gehiago eman nahi izan: "Ez dut prebarikatu nahi", esan du. Halere, 40.000 oilo haziko dituen arrautz-kooperatibaren eskaeraren inguruko albistea dagoeneko zabaldu da herrian, eta sare sozialetan hainbat herritar kritiko agertu dira "makro-etxaldearen" zabalpenarekin.

Gaur egun, Espainiako Estatuan ez dago "makro-etxaldeen' katalogazio ofizialik, eta tamaina industrialeko etxalde intentsiboei erreferentzia egiteko erabili ohi da termino hori. Espainiako industria-instalazioek ingurumenean duten eragina kontrolatzeko balio duen Emisio eta Iturri Kutsatzaileen Estatuko Erregistroak tamaina jakin bat gainditzen duten txerrien eta etxeko hegaztien haztegiak jasotzen ditu, eta erregistro horretan sartzen direnak modu intentsiboan ari direla ulertzen da. Hala, 30 kilotik gorako 2.000 gizentze-txerri edo 750 ugalketa-txerri baino gehiagorentzako edukiera duten txerri-haztegiak eta 40.000 errule-oilo baino gehiagorentzako tokia duten enpresak daude erregistro horretan. Etxalde horiek isurketa handiak sortzen dituzte eta horien berri ematera behartuta daude.

Bi haztegi gehiago

Arabako kasuan, Emisio eta Iturri Kutsatzaileen Estatuko Erregistroan bi hegaztien etxalde agertzen dira, biak Eginon kokatuak: Avicola Arbaraitz S.L eta Avicola Tolosa SAT. Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailak, 2011. urtean, Avicola Arbaraitz enpresari emandako ingurumen-baimen bateratuaren arabera, guztira 97.600 oilo hazteko gaitasuna du instalazioak. Avicola Tolosaren kasuan, berriz, 201o. urtean, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Antolamendu, Nekazaritza eta Arrantza sailak emandako ingurumen-baimen bateratuaren arabera, 155.600 oilo izateko gaitasuna du enpresak.

Bi kasu hauetan bezala, Eusko Jaurlaritzaren ingurumen-baimena izan beharko luke Iruña Okan kokatu nahi duten instalazioak 40.000 oilo baino gehiago hazi nahi izanez gero, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko legea betetze aldera.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago