Noticias de Álava egunkariak aste honetan argitaratu duenez, oilo arrautzen ekoizleen kooperatiba batek Tresponde herritik gertuko lursail batean kokatu nahi du makro-abeltegia, ehiza-eskopeten fabrikatik gertu. Araban eraiki asmo zituzten bi ponpaketa-zentral hidroelektrikoetako bat, hain zuzen, eremu horretan kokatu nahi zuten; proiektu hori baztertu dute Batzar Nagusiek, aho batez, baita Ramiro Gonzalez diputatu nagusiak berak ere.
40.000 oilorentzako lekua izango luke ustiategiak, eta, indarrean dagoen araudiaren arabera, kopurua "ez-apartekotzat" jotzeko parametroen barruan dago. Beraz, proiektuak ez du Eusko Jaurlaritzaren edo Arabako Foru Aldundiaren baimen berezirik behar; Iruña Okako Udalak lizentzia onartzea, berriz, ezinbestekoa izango da.
Horrenbestez, Iruña Okako Udalak hiri antolamendurako bere irizpideen arabera hartu beharko du erabakia. Lurzoru urbanizaezineko jarduera ekonomikoari dagokionez, bi eremu bereizten ditu: basogintza eta nekazaritza.
Nekazaritzari dagokion araudiaren arabera, bere udal eremuaren barruan eraiki daitezkeen azpiegituren artean, nekazaritza arloko industriak eta artisau-industriak aurreikusten ditu Iruña Okak; tartean, hegazti-ustiategien instalazioa.
Parametro "ez-apartekoen" barruan dagoen arren, azpiegitura honek nabarmen gainditzen du Araban dauden antzeko beste batzuen tamaina. Adibidez, 2021eko martxoan Zalduondon martxan jarritako ustiategian, 3.000 oilok 70.000 dozena (840.000) arrautza ekologiko inguru ekoitziko dituzte urtean.