Zentral hidroelektrikorako urmaeletako bat Badaian kokatu nahi dute

Erredakzioa 2022ko urt. 20a, 11:05

Proiektuak bi urmaela aurreikusten ditu, eta beste hainbat azpiegitura ere. @UNAIBETONO / ALEA

Araban eraiki asmo dituzten bi ponpaketa zentraletatik, bati buruzko informazioa lortu eta zabaldu du EH Bilduko biltzarkide Unai Fernandez de Betoñok. Badaia mendilerroan eta Martioda inguruetan joango lirateke ur biltegiak.

Joan den astean ezagutarazi zen Atalaya Generación energia enpresak ponpaketa bidezko bi zentral hidroelektriko jarri nahi dituela Araban, energia biltegiratzeko. Orotara, proiektuak 25 GWh-tik gorako biltegiratzea duten bi ponpaketa-zentral aurreikusten ditu, Gasteizen eta Subilla Morillasen (Erriberagoitia).

Unai Fernandez de Betoño EH Bilduko biltzarkideak eskuratutako informazioaren arabera, proiektu horietatik batek —Gasteizkoak— lau udalerriri eragingo die, eta baita Badaiako mankomunitateari ere.

Izan ere, goiko urmaela Badaiako iparraldean kokatu nahi dute. Beheko urmaela, berriz, Otogoien, Otobarren, Martioda eta Uribarri Dibiña artean jarri nahi dute. Goiko urmaelak 140 hektareako esparru hesitua izango luke, eta behekoak, berriz, 150 ha-koa. Urmaela horien artean zentral hidroelektrikoa kokatuko lukete, beharrezkoak dituen hodei eta tximiniekin.

Zentralaren ondoan transformazio azpiestazio bat jarri nahi dute, 14.000 metro koadro hartuko lituzkeena. Elektrizitate hori Arzubiagako azpiestaziora bideratuko lukete gero. 400kV-eko goi tentsioko linea baten bitartez joango litzateke. 23 kilometro izango lituzke, Zigoitia eta Arratzua-Ubarrundia zeharkatuz.

Urari dagokionez, Zadorra ibaitik hartuko lukete, Trespondeko zubi erromatarretik 500 metro ingurura. Punpatze estazio bat dago aurreikusita alboan. Ura 15 kilometroko hoditeria baten bitartez joango litzateke beheko urmaelera. Martioda parean bigarren punpatze estazio bat kokatuko lukete.

Legebiltzarkideak salatu du "lurralde-eragin handiko" proiektua izango dela, eta lurralde antolamendua publikoa eta burujabea aldarrikatu ditu. Gogora ekarri du Babes Bereziko Zona batetik hartuko liratekeela ura. Erantsi du ere bigarren zentralaren gaineko xehetasunak ezagutzeko daudela oraindik.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago