Kuartangoko Multzo Megalitikoa, biziberritzeko bidean

Erredakzioa 2021ko uzt. 26a, 17:07
Gurpide Iparraldean lanean ibili dira asteotan arkeologoak. ONDARE BABESA

Gurpide Iparraldea induskatzen amaitu dute arkeologoek. Historiaurrean, bertan zegoen trikuharria desmuntatu, eta horren ordez menhirra jarri zutela deskubritu dute.

Kuartangoko Trikuharrien Multzoa Euskal Autonomia Erkidegoko ikusgarrienetako bat da. Lau trikuharri hartzen ditu: San Sebastian iparraldea, San Sebastian hegoaldea, Gurpide iparraldea eta Gurpide hegoaldea, eta tumulu bat: Sendadianoko tumulua. Multzo hori ikertzeko eta duen balioa nabarmentzeko asmoz, 2020. urtetik, hainbat kanpaina egin dituzte arkeologoek bertan.

Bada, aste honetan amaitu dute azkena: Gurpide Iparraldea egituraren indusketa. Historiaurrean, trikuharria desmuntatu eta bere ordez, menhir bat jarri zutela deskubritu dute arkeologoek. Mota honetako eraldaketak ohikoak izan ziren eskualdeko megalitismoan, izan ere belaunaldi ezberdinek zuten ikuspegia aldatzen joan zen denborak aurrera egin ahala, liturgiak eta hil errituak ere aldatu ziren bezala.

Ibilbide arkeologikoa

Irailean, San Sebastian hegoaldea izeneko trikuharrian lanean hasiko dira berriro Ondare Babesa enpresako eta EHUko arkeologoak. Azken urteetan egindako indusketek monumentua bere bizitza erabilgarrian zehar berritua izan zela jaso dute, une bakoitzean erabili zutenen beharretara egokitua izateko: hilobi ganbera buxatu zuten, sarrerako korridorea berreraiki zuten eta tumulua eraberritu zuten.

2022. urterako lanak amaitzeko eta oinezkoentzako ibilbide bat egiteko asmoa dute Arabako Foru Aldundiak eta Kuartangoko Udalak, Baias ibaiaren inguruko  trikuharrien multzo hori ezagutarazteko. Guztira, 260.771,86 euroko diru-laguntzari esker garatzen ari dira lanak, Arabako Diputazioaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean partekatuta.

Erlazionatuak

Kuartangoko harrien zidorra

Estitxu Ugarte/PHOT.OK 2020 mar 15 Añana   Kuartango

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide