Kuartangon, Anda eta Katadiano artean, historiaurrea eta Erdi Aroa eskutik lotuta doaz, eta bertako harrobiak markatu zuen hein handi batean ingurune osoaren garapena. Bertan daude Arabako 72 trikuharrietako lau: San Sebastian hegoa eta iparra, eta Gurpide hegoa eta iparra. Egitura megalitiko hauek ezagutu nahi dituenak Andatik abiatu eta lau kilometroko ibilbide erraz bat eginez hurbil daiteke.
Bide batez, Anda eta Katadiano artean dagoen Marubaiko San Roke zubira ere joan daiteke. Andatik Sendadianoko norabidean dago, Katadianoko lurretan, eta Erdi Aroko galtzada baten parte izan da zubia; merkatariek eta bidaiariek itsasorantz zeramatzaten merkantziak garraiatzeko erabili ohi zuten, eta XVIII. mendean garrantzi handikoa izan zen Araban. Garai hartan hirurogei biztanle zituen Katadianok, baina une hartatik aurrera populazio galera hasi zen, eta gaur egun bi bizilagun soilik ditu erroldan.
Anda herrian bertan ere badago beste zubi bat, ikusgarria. Erdi-puntuko bost begi eta harrizko gurutze bat ditu goialdean, eta herriko harrobiko harriarekin eraikia dago. Izan ere, basoen aberastasunaz gain, Anda ezaguna da kareharri beltzezko harrobiak dituelako. Harri oso handiak atera zitezkeelako erabiltzen ziren harrobi hauek.
Hala, Gasteizko San Pedro elizan dagoen mahai bat marmol horrekin egina dago, eta harri berezi horren aztarnak bailarako eliza askotan eta Erdi Aroko hilobien estalkietan daude. Harri beltz hau urrutiko beste leku batzuetan ere aurki daiteke, Errioxako Santo Domingo de la Calzadako San Frantzisko komentuan, adibidez. Komentu horretan, Andako 1.500 harri beltz erabili ziren, eta Felipe II.aren garaian enkargatuak izan ziren. Harri hau bera Escorialeko (Madril, Espainia) errege hilobietarako erabili zuten.
Egiturak babestu dituzte
Anda inguruan harrobi garrantzitsuak egon zirela frogatzen dute, baita ere, Kuartangoko trikuharriek. Iragan urteko urrian egon ziren azken aldiz arkeologoak Katadianoko trikuharriak induskatzen. XIX. mendetik ezagunak baldin badira ere, gutxi ikertu dira, eta gainera azken urteetan ezezagunek inguruak arpilatu dituzte eta hainbat material desagertu dira. Hartara, egitura megalitikoak inguratzeko hesiak jarri dituzte, eta modu horretan ere inguruan dabilen ganadutik babestu dira trikuharriak.
Kuartangoko egitura megalitikorik handiena El Montecillo izenarekin ezagutzen den San Sebastian trikuharria da, eta hori da hain zuzen ere Ondare Babesa enpresako arkeologoek azken bi urteetan aztertu dutena. Tumulu handienak 3,5 metroko altuera eta 40 metroko diametroa ditu; orain dela 5.200 urte eraiki zuten, eta 2.000 urtez erabili zuten jendea bertan hobiratzeko.
Ehunka gizakiren hezurrak, garezurrak, zeramikak, silexa eta metala aurkitu zituzten bertan 2018. urtean. Halaber, iaz, ganbarara sartzeko korridorea aurkitzeko lan egin zuten. Alta, ia hiru metroko sakonera induskatu eta gero, alboko lauza bat soilik aurkitu zuten, baina beste bat falta da. Halaber, arkeologoek ikusi dute iparraldeko eta hegoaldeko tumuluaren paretak erabat desberdinak direla: "Zalantza gehiago ditugu orain hasieran baino", esan dute. Hortaz, trikuharria induskatzen jarraitu beharko dute aurrerantzean, tumuluaren garapen historikoa ezagutu nahi izanez gero.