Labrazak hartu du dagoeneko lekukoa

Erredakzioa 2021ko uzt. 26a, 08:08

Plataformak antolatutako bigarren mendi martxa. ARABAKO MENDIAK ASKE

Larunbatean proiektu eolikoen kontrako bigarren mendi martxa egin zuten Arkamu mendilerrora.

Babestu maite duzun mendia dinamikaren barruan, bigarren mendi martxa egin zuen Arabako Mendiak Aske plataformak, larunbatean. Oraingoan Arkamu mendilerrora eraman zuten proiektu eolikoen aurkako protesta.

Antolatzaileen esanetan, ehun lagunetik gora izan ziren bi irteera puntuko martxan. Biak 9:30ean abiatu ziren Axkoeta eta Jokanotik, eta Kotorrillo mendiaren magalean elkartu ostean, Montemayor mendira igo ziren elkarrekin.

Gailurrean, Agurainen bizi den Maria Teresa Quintero Rios Mariate panamarrak idatzitako olerkia irakurri eta "industrializazioak mehatxatzen" dituen inguru natural ezberdinetatik igarotzen ari den makila itxurako lekukoari Agurra dantzatu ondoren, Labrazako ordezkariei eman zioten, hirugarren mendi martxa bertan egingo da eta.

Lau martxa gehiago

Arabako Mendiak Aske plataformak sei ibilbide herrikoi antolatu ditu urrira bitartean. Uztailaren 3an Iturrietako Mendietara abiatu ziren, eta hilaren 24an izan da Arkamu mendilerroko martxa; hurrengoa Labrazan izango da, abuztuaren 14an.

Martxa batetik bestera eskuz esku igaroko den lekukoak proiektu eolikoen eraginpean dauden naturgune guztiak zeharkatuko ditu, urriaren 23an Gasteizko manifestaziora iritsi arte. Honako hauek dira ibilbide bakoitzaren datak. Datak hurbiltzen diren heinean emango dituzte ibilbide bakoitzari buruzko xehetasunak, abiapuntuak eta ordutegiak jakinarazteko:

  • Uztailak 3: Iturrietako Mendiak (eginda)
  • Uztailak 24: Arkamu (eginda)
  • Abuztuak 14: Labraza
  • Irailak 11: Azazeta
  • Irailak 25: Cantoblanco
  • Urriak 16: Arlaban

"Mendiak ez daude salgai. Berriztagarriak bai, ez nolanahi", adierazi du Arabako Mendiak Aske plataformak, herritarrei martxa horietan parte hartzeko gonbidapena luzatuz.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago