Negoziazioak hasi dituzte Padulgo igeltsutegia berreskuratzeko

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2021ko uzt. 16a, 08:00

Padul herrian dauden igeltsu harrobiak XX. mendeko 1970. hamarkadara arte ustiatu zituzten.PHOT.OK

Zarate familiak eta Erriberagoitiko Udalak lehen urratsa eman dute aste honetan Padul herriko igeltsu meategia eta fabrika ondare industrial bezala berreskuratzeko. Lagapenerako proposamena egin dute jabeek, baina Javier Gallego alkateak finantziazioa behar dela azpimarratu du, edozein egitasmo aurrera ateratzeko.

Euskal Herriko Interes Geologikoko Inbentarioan lau leku daude Añanako Diapiroaren mugen barruan: Caicedo-Yuso-Arreoko aintzira, Añanako Diapiroa bera, Añanako gatzagak eta Padulgo igeltsuzko meategiak. Aski ezagunak egin dira azken urteetan gatzagak eta gazkinak, baina ezkutuan daude oraindik Arabako garrantzitsuenak izan ziren Zarate familiaren Piquillos izeneko igeltsu fabrika eta meategia. Bertan lan egiten zuten langileen testigantzak ere ahaztu egin dira. XX. mendeko 1930. hamarkadan 40 kiloko 15.000 zaku igeltsu atera zuen fabrika hondakin triste bat besterik ez da gaur, Pobes eta Gesaltza Añana lotzen dituen errepidearen ertz batean abandonaturik.

Duela hamabost urte zabalik dute espediente bat Erriberagoitiko Udalean Padul herriko igeltsuko meategiaren inguruan, baina ez aurrera ez atzera ibili dira orain arte. Javier Gallego alkateak ALEAri azaldu dionez, udalerri txikia da Erriberagoitia eta aurrekontuan ez dute partidarik bideratu ahal izan horretarako. "Meategiak berreskuratzeko balorazio ekonomikoa egin zuten bere garaian, hasierako proiektua ere, baina orain arte ez da ezer egin".

"Meategian bai, baina fabrikan ez dakit zerbait egitea bideragarria den"

Halere, iragan astean bertan lehen bilera izan du Zarateko jabeak Gallego alkatearekin, eta meategiaren zein fabrikaren eraikinak lagatzeko proposamena egin dio. "Prozesu luzea izango da, –aitortu du alkateak– osoko bilkurara joan behar da, talde politikoen artean adostu eta finantzazioa lortu beharko genuke". Halaber, proiektuaren ardatza zein izango den argitu eta zehaztu beharko luke Udalak. "Ez da bakarrik egokitzea edo zaharberritzea; forma eman behar zaio egitasmoari". Gallegoren esanetan, alde asko ditu Piquillos igeltsutegiak. Batetik, meategiak Añanako diapiroarekin duen harremana nabarmendu beharko litzateke; beste aldetik bertan lan egin zuten pertsonen historia jaso; eta, azkenik, meategiaren lanak nolakoak ziren eta fabrikak zer garrantzia izan duen azaldu. "Buelta handia eman behar zaio proiektuari".

Aurrekontua, kanpotik

Familiarekin donazioaren inguruko negoziazioetan hasi besterik ez da egin Udala, "lehen bilera bat izan dugu baina ez dago ezer seguru". Eta gainera Erriberagoitiko alkateak mahai gainean beste proiektu asko ditu, amaitu gabe: "Aurrekontuak ematen du ematen duenerako, neurriz gastatu behar da. Milioi bat euroko aurrekontua dugu, eta ezin da gehiegi luzatu". Hortaz, Piquillos igeltsutegiaren proiektua aurrera aterako bada, diru laguntzei esker izango da. "Ondarea galtzea ez zait gustatzen, baina ikusi beharko dugu lehenik eta behin negoziazioak nola doazen".

Egun, Roberto izeneko igeltsu meategiaren egoera ona dela azaldu du Gallegok. "Zarate familiak aspaldi erabaki zuen ixtea, arriskuagatik eta bandalismoagatik. Bisita bat egin dugu duela gutxi, eta itxi zutenean bezala dago", ziurtatu du. Aldiz, Pobes eta Gesaltza Añana arteko errepidearen ertzean dagoen fabrika, barruko labeak eta langileen etxeak egoera tamalgarrian daudela esan du Erriberagoitiko alkateak: "Ez dakit aukera dagoen oraindik zerbait berreskuratzeko edo hondakinak finkatzeko". Ziurrenik eraikin gehienak bota beharko dituzte, errepidearen ertzean daudelako, gainera, eta arriskutsua izan daitekeelako.

Langileen etxeak eta fabrika bera duela urte asko arpilatu zituztela esan du Gallegok, eta barruan ez dela ezer gordetzen. Soilik, hiru arabiar laberen arrastoak daude, duela urte batzuk garbitu zituztenak. "Meategian bai, baina fabrikan eta langileen etxeetan..., ez dakit zerbait egitea bideragarri izan daitekeen".

Eraikinak ikusirik Piquillosko hondamendia aspaldikoa dela dirudi, baina XX. mendeko 1970eko hamarkadara arte jardun zuen Yeserias Zarate SA. familia enpresak. Enpresa horrek Felisa (1745) eta Roberto (1757) meategietan "igeltsua eta anhidrita" ustiatzeko emakida zuen. Izan ere, Erriberagoitia ezaguna egin zen bere igeltsuzko harrobiagatik eta minerala eraldatzeko erabiltzen ziren labeengatik.

Garrantzi handiko industria

Orain dela urte batzuk Arabako igeltsutegietako paisaia industrialaren karakterizazioa eta balorazioa azterlana egin zuen Eusko Jaurlaritzaren Kultura sailak, Arabako meatze-paisaia horri balioa emateko asmoz. Horretan jasotzen dutenez, datu ofizialen arabera, 1966an, ekoizpena igeltsu txuri eta beltzeko 6.489 tonakoa izan zen; eta hiru urte geroago, 12.000 tonakoa. Gasteizko, Bilboko eta Miranda Ebroko merkatuetan saltzen zuten igeltsua.

"Ondarea galtzea ez zait gustatzen, baina ikusi beharko da negoziazioak nola doazen".

Lehenengo urteetan, igeltsua modu artisauan ustiatu zuten, eskuz egindako laztabinekin, eta minerala idiek tiratutako gurdietan garraiatzen zen harrobitik errepide nagusira, eta handik lantegira mandoek tiratutako gurdietan. XX. mende hasieran, berriz, sistema hori erabat aldatu zen, eta zurezko hogei dorre (armazoiak) eraiki zituzten, eta horiei eutsitako bi kilometroko aireko kableen eta balde lerroen bidez garraiatzen zuten igeltsua harrobitik fabrikara.

Oso ohikoa omen zen kableetatik zintzilik zihoazen baldeetatik igeltsua erortzea. "Herritarrek hura jaso eta idi-gurdietan etxera eramaten zuten, han, pinu egurra erabilita egosten zuten etxeko labe-ahoan. Birrindu ondoren, igeltsu finena hormak luzitzeko erabili edo saltzen zuten; eta lodiena, berriz, zoruak egiteko". Dorre haietako batzuk Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoan daude ikusgai. Igeltsua modu industrialean ustiatzen hasteak aldaketa ugari sortu zituen: lehenbizi, zulagailua iritsi zen eta, geroago, XX. mende erdialdera, igeltsua ustiatzeko, harrobiko sarbidean mailu birrintzaile bat jartzen hasi ziren.

Diapiroen inguruan

Padulgo Zarateko igeltsutegiaren ondoan, Añanako gatz-diapiroaren inguruetan, beste harrobi batzuk ere bazeuden Araban XX. mende hasieran, ahalmen txikiagokoak. Errepide berean, Gesaltza Añanan, Hoyosko igeltsu-fabrikaren aztarnak daude. Perez de Carcamo familia arduratu zen lantegi horretaz 1910etik 1960ra arte. Minerala aire zabaleko harrobian bertan atera eta banatzen zuten. Hasieran, erauzitako minerala fabrikaraino idi-gurdiz eramaten zuten, bi kilometroko bidea eta malda malkartsuak eginez; denborarekin, idien ordez, traktoreak jarri zituzten. Instalazioak itxi eta ustiapena eten behar izan zuten 1976an, jarduera mantentzeko baliabide faltagatik. Hoyosen 4 edo 5 langile aritzen ziren garai onenetan igeltsua ekoizten. Garai bertsuan Yesos de Rivabellosa SA. fabrika ere kokatu zuten Añana inguruan.

Buradon Gatzagan, berriz, Areta anaiek La Hidraulica harrobia ustiatu zuten eta igeltsuzko ustiategi txikiak zabaldu ziren ere Tertangan eta Zuiako Ametzagan. "Industriagune horiek jada abandonatuta dagoen jarduera interesgarri baten lekuko dira; eskulangintzaren eta pixkanaka aurrerapen teknikoak egiten joan den industriaren arteko harremanaren eredu".

Erlazionatuak

"Astean 212 pezeta irabazten nituen meategian"

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2021 uzt 16 Añana

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago