Gabriel Montoia

"Astean 212 pezeta irabazten nituen meategian"

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2021ko uzt. 16a, 10:00

Gabriel Montoia Unzueta 'Gabi'. JOSE MARIA MARTIODA/LAIA ALDIZKARIA

Padulgo Zarate familiaren fabrikan lanean ibili zen Gabriel Montoia Unzueta Gabi harri-zulatzailearen oroitzapenak argiratu zituen Añana Kuadrillako Laia aldizkariak, 2014. urtean.  Zoritxarrez, urte gutxiren buruan, Gabiren errautsak Padulgo San Julian menditxoan zabaldu behar izan zituzten bere lagunek. Bederen, idatzirik geratu ziren hemen jaso ditugun lanaren nondik-norakoak.

Goizetik gauera lan egiten zuten Padulgo harginek. Hogei eta hogeita hamar bat gizon aritu ziren Zarate familiaren meategian eta fabrikan beharrean. Halere, fabrika sortu aurretik, inguru horretan nekazaritza lanaren osagarria zen meategiko lana. Ereintza bukatu ondoren, urtarrilean edo otsailean, ekiten zioten igeltsugintzari herritarrek, etxera sosa batzuk eramateko.

Minerala harrobitik ateratzeko bolbora-lehergailuak erabiltzen zituzten. Igeltsua garbitu eta beste materialetik banandu ondoren, kiskaltze-labeetarako egokia zen tamainara egokitu behar zuten. Labea eskuz kargatu ondoren, piztu egiten zen. Sua etenik gabe mantendu behar zuten, hiru egun eta hiru gauez, pinu zurez eta sasiez bizitua. Hasiera batean iluna zen kea zuri bihurtzen zenean prozesua amaituta zegoen, eta igeltsua prest. Ondoren, zatiak txikitu eta igeltsu hautsa atera behar zuten. Beteranoen arabera, hori zen lan nekezena.

Langile horien memoria berreskuratu zuen Carmelo Urdangarin Altunak Euskal Herriko lanbide tradizionalen inguruan Gipuzkoako Foru Aldundiak argitaratutako liburuan. Bestalde, Padulgo Zarate familiaren fabrikan lanean ibili zen Gabriel Montoia Unzueta Gabi harri- zulatzailearen oroitzapenak jaso zituen Añana Kuadrillako Laia aldizkariak, 2014. urtean. Zoritxarrez, urte gutxiren buruan, Gabiren errautsak Padulgo San Julian menditxoan zabaldu  behar izan zituzten bere lagunek. Idatzirik geratu ziren bederen hemen jasotzen ditugun bere lanaren nondik-norakoak.

"Gaur ez dut imajinatzen kate hartan gora igotzen harria txikitzeko"

Igeltsu preziatua

Hamasei urte zituenean, 1954. urtean, Paduleko harrobian hasi zen lanean Gabi eta zortzi bat urte eman zituen bertan: "Nik utzi egin nion funtzionatzen ez zuelako eta dirua garaiz iristen ez zelako. Arazoak sortzen hasten direnean... 1962an izango zen".

Izan ere, igeltseroentzat Padulgo igeltsu mota oso preziatua zen garai horretan, eta oso ondo ordaintzen zuten. "Astean 212 pezeta irabazten hasi nintzen, eta, agian, bost pezetako igoerak genituen astean, jabeei ondo iruditzen zitzaienean. Azkenean, 500 pezeta irabaziko nituen astean". Hala ere, lana arrisku handikoa zen, harri-zulatzailea izateaz gainera, igeltsutegira harria garraiatzeko kablea koipeztatzera igotzen baitzen Montoia.

Barrenatzaile bezala arroka barrena batekin zulatzen zuen, bertan dinamita sartu eta ondoren leherrarazten zuen. "Harrobiaren barruan bostehun metro inguru sartzen nintzen, beste lankide batzuekin batera. Pareta gora igo behar nuen, hogei bat metro, tximinoak  bezalaxe, aurretik harkaitzari jarritako kate batekin lagunduta, eta metro bateko zabalera baino gehiago izango ez zuen plataforma horizontal baten gainean lanean hasten ginen, harria txikitzen". Egunean zortzi orduz egiten zuten plataforma horren gainean harri- zulatzaileek, mailu pneumatikoekin harria puskatzen. "Gaur ez dut imajinatzen kate hartan gora igotzen, barrenatzea tokatzen zitzaigun lekura igotzeko egiten nuen bezala".

Leherketen arriskuak

Asteburuetan aprobetxatzen zuten barrenatzaileek leherketak egiteko, eta horrela hurrengo astelehenerako aireztatuta zegoen harrobia; izan ere, igeltsuzko harria txikitzeko erabiltzen zituzten leherketekin meatze barruan hauts handia sortzen zen."Neuk jartzen nizkien dinamita eta metxak zulo bakoitzean sartutako kartutxo bakoitzari. Segurtasun-neurri gisa beste metxa bat pizten nuen, kartutxoena bezain luzea, eta eskuan piztuta izaten nuen; kartutxoak noiz lehertuko ziren jakiteko balio zidan".

Hormako hogei metro horiek ziztu bizian jaitsi behar zituen orduan, eta irteerarantz korrika atera. "Behin baino gehiagotan hartu ninduten leherketek meategitik irten gabe. Izan ere, batzuetan, berrogei dinamita-kartutxo ere jarri nituen metxan, aldi berean leher zitezen", gogoratzen zuen Gabik. Leherketekin erortzen ez ziren harriak eskuz txikitu eta bota behar zituzten.

Minerala meategitik ateratzeko hiru bagoneta erabiltzen zituzten langileek, kanporaino zihoazen errailetatik bultzatu behar zituztenak. Kanpoan, harriak gordinik ehotzen zituzten, arrabol sistema oinarrizko batekin eta burdinazko mailu batzuekin.

"Behin baino gehiagotan hartu ninduten leherketek meategitik irteten"

Behean, Arbigano eta Basquiñuelas arteko bidegurutzearen ondoan, fabrikan lan egiten zutenek Padulgo meategitik bidalitako baldeak jaso eta minerala labean sartzen zuten. Harriaren pisuak berak ematen zion mugimendua garraio sistemari. "Gainera, dorre horietan lantegiaren eta meategiaren arteko telefono kablea ere joaten zen, eta haren bidez eskatzen ziguten zer harri mota jaso nahi zuten une bakoitzean".

Meategian lan asko zegoenean fabrikako jendea igotzen zen harginak laguntzera, edo alderantziz. Igeltsuzko harria, fabrikako labeetan deshidratatu ondoren mailu- errota batean txikitzen zuten, eta lortzen zuten hautsa 20 kiloko zakuetan sartzen zuten. "Fabrikako etxebizitzetan langile batzuen familiak bizi ziren, eta gogoan dut, adibidez, han bizi ziren emakumeek nola josten zituzten hautsitako zakuak".

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago