Egungo trenbideak egokitzea eskatu dute Añanako bizilagunek, Burgos-Gasteiz AHTren aurrean

Erredakzioa 2021ko eka. 25a, 06:00

Arabako Haranetako AHTrik Ez plataformaren mobilizazio bat, Ribabellosan. / @AHT_ez

Burgos-Gasteiz AHT linearen proiektuaren ingurumen inpaktuaren adierazpena aste honetan argitaratu dute BOEn. Horren aurrean, Arabako Haranetako AHTrik Ez plataformak trenbide konbentzionalak egokitzeko eskaera berretsi du.

Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikoaren eta Erronka Demografikoaren Ministerioak Burgos-Gasteiz Abiadura Handiko Linea proiektuaren ingurumen inpaktuaren adierazpena argitaratu berri du Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE). Horrela, 2018ko azaroan abiatutako ingurumen ebaluazioko prozedura amaitu da.

Hortaz, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioak informazio azterlana behin betiko onar dezan aurretiko azken izapidea bete da. Behin betiko onespen horrekin amaituko da plangintza fasea, eta, orduan, obren proiekturako eta lanak gauzatzeko fasea hasiko da.

Azken urteetan plazaratutako kritiken ildotik, Arabako Haranetako AHTrik Ez, tren sozialari bai plataformak "makro-azpiegitura horren zentzugabekeria" salatu du, "benetako alternatiba bat" dagoela aldarrikatuz: trenbide konbentzionalen egokitzapena, alegia. Trenbide-sektoreko sindikatu guztiek eta Burgos-Gasteiz lineak kaltetutako zonaldeetako AHTren aurkako herri plataformek maiatzean aurkeztu zuten proposamen alternatibo horren inguruko akordioa; besteak beste, Bureba Etorkizuna Da, Miranda Trenbidearen Defentsan eta AHTrik Ez Arabako Haranak plataformek babestu zuten proposamena.

Gainera, proposamena bat dator Ingurumen Ministerioak eta Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioak defendatzen duten ildoarekin. Hugo Moran estatu idazkariak berak ziurtatu zuen Ministerioaren "planteamendu estrategikoa" egungo azpiegiturak hobetzea eta egokitzea dela. Gaur egun, apustu hori egin dute Castejon-Logroño eta Teruel-Zaragoza tarteetan (azken horretan 250 kilometro orduko abiadura lortuz), baita Hendaia eta Bordele artean ere, korridore atlantikoaren barruan. "Zati horietan, lehendik zeuden trenbideak egokitzen eta hobetzen ari dira, trenbide korridore paralelo berria eraiki ordez", azpimarratu du AHTren aurkako plataformak.

"Ingurumen inpaktua ahalik eta gehien murriztuko lukeen irtenbide bat da", aldarrikatu dute Añanako bizilagunek. "Izan ere, azpiegitura korridore antropizatu batean mantenduko litzateke, non paisaiak trenaren egungo ibilbidea barneratu duen. Trenbide autobide paralelo bat eraikitzea, milaka milioi euro gastatuz, eskala handiko ustelkeria da. Eta hori planteatzen ari da PSOE eta Podemosen koalizio gobernua, ezkerreko alderdiek lagunduta, Eusko Jaurlaritzarekin batera".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago