Tuestako berotegien lizentziak baliogabetzeko eskaera berretsi du EH Bilduk

Erredakzioa 2021ko urt. 12a, 12:43
Tomate berotegien kontrako pankarta Gaubeako merkatuan. / PHOT.OK

Tuestako berotegiak eraikitzeko lizentziak berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu zuen EH Bilduk abenduan, ezinbestekoak ziren bi txosten falta zirelako. Gaubeako Udalak partzialki onartu du helegitea, baina ez ditu lizentziak baliogabetu.

Abenduaren erdialdean, Gaubeako EH Bilduk Tuestako berotegiaren baimenak errekurritu zituen, espedienteak "gabezia larriak" zituela argudiatuz. Izan ere, funtsezko bi txosten falta dira lizentzia eskaeran: URAren eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren txostenak, hain zuzen ere.

Lehenengo txostenari dagokionez, EH Bilduk argudiatu zuen Uraren Euskal Agentziari jakinarazi behar zitzaiola berotegi horiek instalatzeak lurpeko ur-masei eragiten zielako. Bigarren txostenari dagokionez, beharrezkoa zen EKHri jakinaraztea sustatzaileek asmoa zutela 7.000 metro kubiko baino gehiagoko euri-urak pilatzeko gaitasuna duen putzu bat eraikitzeko, ureztaketarako ur-kontsumoaren %72 bermatzeko.

Gaubeako Udalak partzialki onartu du jarduera eta obra lizentziak berraztertzeko errekurtsoa. EH Bilduren ustez, horrek emandako lizentziak baliogabetzea ekarri beharko luke, "ezinbesteko izapideak" direlako. Hala ere, ebazpenak ez ditu lizentziak baztertu.

Horregatik, bi lizentzien dekretuak zein egoeran geratu diren argitzeko eskatu du EH Bilduk. "Hasieratik salatu ditugu espedienteetan dauden gabezia larriak, eta horietako batzuk Udalak berak onartu ditu. Orain, uste dugu gabezia horiek lizentzia baliogabetzea dakartela, baina ez dutenez argitu, argibide bat eskatu dugu", azaldu du Gaubeako EH Bilduren bozeramaile Josu Elorrietak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide