Tuestako berotegiaren baimenak errekurritu ditu EH Bilduk

Erredakzioa 2020ko abe. 18a, 08:00
Tomate berotegien kontrako pankarta Gaubeako merkatuan. PHOT.OK

Espedienteak "gabezia larriak" dituela esan du taldeak. "Ez du nahikoa informazio, ezta tartean diren beste erakunde batzuen (Aldundia, URA edo Ebroko Ur Konfederazioa) ezinbesteko bermea ere".

EH Bilduren helegitean gogorarazten da jarduera-lizentziaren eskaerarekin batera proiektu teknikoa eta memoria deskribatzailea aurkeztu behar direla, eta ez dutela egin. Salaketaren arabera, ez da zehazten tomate hidroponikoen enpresaren ekoizpen-ahalmena, ezta aurreikusitako laboreen urteko kopurua, biltegiratzeko baldintzak eta biltegiratzeko gehienezko stock-a ere. "Ez dira aipatzen produktu fitosanitarioen erabilera, hondakinen sorrera edo ekoizpenaren garraioa".

Halaber, EH Bilduren aburuz, ezinbestekoa da ingurumen inpaktuari buruzko txostena egitea, "baina kasu honetan ere ez da egin, nahiz eta gas naturala biltegi bat edo konpostatzeko planta bat jasota egon proiektuan". Gainera, obra baimenak ez ditu URA eta Ebroko Ur Konfederazioaren txostenak aurreikusi. "Uraren Euskal Agentziari jakinarazi behar zaio obra, berotegi horiek lur-azpiko urari eragiten baitiote". Gainera, baltsa bat egin nahi dutela ohartarazi du EH Bilduk, "7.000 metro kubikotik gora euri-urak biltzeko".

Halaber, talde abertzalearen arabera, Arabako Foru Aldundiak ez du "dagokion txostena egin", eta Espejoko Kontzejuari ez zaio proiektuaren berri eman, "bere jabetzako lurretan ere eragina izan arren".

EH Bilduren ustez, horretarako egokiak ez diren lurretan jarri nahi dituzte berotegiak: "Instalazioaren zati bat Tuestako industrialdean kokatuko litzatekeen arren, nekazaritza lurzoruetan ia 200.000 metro koadro okupatu nahi ditu". Josu Elorrieta Gaubeako EH Bilduko bozeramaileak azaldu duenez, "lurzoru berria okupatzearen aurrean, lehentasuna eman behar zaio berrerabiltzeari. Ez da nekazaritzako lurzoru berririk okupatu behar, ez delako egokia, ez hirigintzaren ikuspegitik, ez eta ingurumenaren aldetik ere".

 

 

Erlazionatuak

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide