Kezkatuta daude Euskal Herriko barazkigileak Almeriako Hispalus enpresak Tuestako industrialdean kokatu asmo duen tomate hidroponikoen hamazortzi hektareako negutegi erraldoiarekin. Sektoreak ez du begi onez ikusten Eusko Jaurlaritzak nekazaritzako industriaren proiektuari eman dion babesa, eta salatu dute gainera egitasmoak tokiko produktoreak kaltetuko dituela.
GILBEk (Gipuzkoako Lore eta Barazkizaleen Elkartea), BIHOELek (Bizkaiko Barazkizaleen Elkartea), Gipuzkoako ENBAk, Gipuzkoako EHNEk, Bizkaiko EHNEk, eta Nafarroako EHNEk agiri bat kaleratu berri dute, eta "ezezko borobila" adierazi diote Hispalusen proiektuari; halaber eskatu dute "Eusko Jaurlaritzak berretsi dezala familia-nekazaritzaren defentsa, eta ez dezala proiektu horren kapitalean parte hartu, eta ez dezala, erabat legezkoa dena alde batera utzita, proiektu horri laguntza berezirik eman". Bestalde, sektore ekoizlearekin batera, sektorearen etorkizunerako oinarriak lantzeko behar diren urratsak egin ditzala exijitu diote.
Eusko Jaurlaritzarekin eta Hispalus enpresako buruarekin bildu dira azken hilabetean Gipuzkoako eta Bizkaiko barazkigileak, ikusirik sektorearekin batzartu gabe aurrera egiten ari zela Almeriako proiektua. Batzarren ostean mesfidantza eta kezka ez dira baretu produktoreen artean.
"Esaten dute 60 lanpostu sortuko dituztela lehen fase honetan, baina ez dute esaten zenbat suntsituko diren"
GILBE elkarteko lehendakari Jose Antonio Odriozolak ALEAri azaldu dionez, hartu-emanek ez dute nekazarien kezkak argitzeko balio izan: "Eusko Jaurlaritzak saldu nahi digu proiektu hori guretzat kalterik ekarriko ez balu bezala, eta garbi dago mesederik ez digula egingo eta kalte egingo digula".
Tomateak, Frantziara
Batetik, Tuestako tomate produkzioa kanpora bidaliko duela azaldu die Hispalus enpresako buruak nekazariei, baina Odriozolak auzian jarri ditu hitzok: "Eroskiko hornitzailea da enpresa, eta gaur egun Eroskiren bidez hemen saltzen duena baino gehiago ez duela salduko esan digu, Frantziara bidaliko dutela soberakina, Frantziako merkatura salto egiteko asmoarekin instalatuko dela... Hori ez dakigu egia den ala ez, baina egia dena da lehen Almeriako tomate bat zela eta orain Euskal Herrikoa izango dela; desberdina da".
Bestetik, Jaurlaritzak eta enpresak berak hitz eman diete Tuestan ekoiztuko dituzten tomateek ez dutela Eusko Label marka izango, baina Odriozolak uste du horrek ez duela zentzu handiegirik: "Hemendik bi urtera egiten dutena ez bada errentagarria eta labela egitea nahi badute, zer egingo dute? Debekatuko diete?".
Administrazioaren babesa
Hispalus enpresaren proiektua Eusko Jaurlaritzaren aldetik izaten ari den babesa ere zalantzan jarri du Gipuzkoako barazkigileen lehendakariak, eta daukan babesa ez lukeela izan behar uste du. Odriozolak azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzaren partetik justifikatu dute barruan egonda hobeto kontrolatuko dutela asmoa.
"Gai honen gainean –esan du Odriozolak– gu ez gaude kontra, ezin gara kontra egon; enpresa bat etorri da kanpotik eta Espejon ustiategi bat muntatu nahi du, ezin dugu ezer egin; baina Eusko Jaurlaritzaren babesa du, eta esan diote gainera zein den tokirik onena tomateak landatzeko. Aldiz, guk edo edozein ekoizle txikik arazoak besterik ez ditugu edozer gauza egiteko".
"Egia da lehen Almeriako tomate bat zela eta orain Euskal Herrikoa izango dela; desberdina da"
Halaber, kezka agertu du GILBEko lehendakariak enpresak sortuko dituen 60 lanpostu berrien harira. "Esaten dute 60 lanpostu sortuko dituztela aurreneko fase honetan, baina ez dute esaten zenbat suntsituko diren; eta gainera, 60 lanpostu sei hektareatan lan egiteko astakeria bat iruditzen zaigu. Bestalde, ustiategi teknifikatua izango da; horrek emango dio lana zonaldeko jendeari?", galdetu du.
Hamazortzi hektarea hiru fasetan
Gaubeako ustiategiak sei hektarea izango lituzke aurreneko fase batean, baina hamazortzi hektarea arteko proiektua da, hiru fasetan. Urteko, laurogei kilo tomate metro koadroko ekoiztuko dituztela esan diete nekazariei. "Gipuzkoan urteko hogei kilo egitea asko da –azpimarratu du Odriozolak, negutegiaren tamaina adierazteko–. Dena den paperak dena aguantatzen du; inbertsioa eginda ere, horrek funtzionatuko al du?".
Proiektuan sartzeko eskaini diete tokiko ekoizleei, Odriozolaren esanetan, "kapitala sartzeko", eta Bizkaiko barazki kooperatiba batek bederen sartzeko asmoa du.
Hortipor enpresa 2001n sortu zuen Telmo Rodrigues izeneko enpresariak Portugalen, eta 2016an zabaldu zuen Almeriara, Cultivos Hispalus izenarekin. Iazko abuztuan inskribatu zuten BOEn Espejoko ustiategia kudeatuko duen Cultivos Araba S.L. Egun, urtean, 16.000 tona tomate ekoizten ditu Hortipor enpresak.