Epaitegiak Eliseo Gil aztarnategiko zuzendari ohia eta Ruben Cerdan haren laguntzailea zigortu ditu Iruña-Veleiako enklabe erromatarrean lurperatutako grafito batzuk "ezohiko" gisa aurkezten saiatzeagatik.
Isabel Maria Diez Pardo epaileak frogatutzat eman du Gilek bere aurkikuntzekin iruzur egin zuela. Bi urte eta hiru hilabeteko zigorra ezarri dio, agiriak faltsutzeagatik eta iruzur delitu jarraitu bat egiteagatik.
Lehenengo delituagatik urtebeteko kartzela zigorra ezarri dio, eta bigarrenagatik, urtebete eta hiru hilabetekoa. Bi zigorretako batek ere ez duenez bi urteko iraupena gainditzen, ez da espetxera joango. Aldundiak 7 urte eta erdiko zigorra eskatu zuen berarentzat, eta fiskaltzak 5 urte eta erdi.
Ruben Cerdan kolaboratzaileari urtebete, hiru hilabete eta 23 eguneko espetxe zigorra ezarri dio.
Bestalde, epaileak aringarritzat jo ditu hamaika urtez luzatu den prozesuak eragindako "atzerapen bidegabeak".
Bien artean 12.490 euro ordaindu beharko dizkiote Arabako Foru Aldundiari, aztarnategiaren jabe gisa, aurkikuntzei zilegitasuna emateko asmoz sortu zituzten txosten batzuengatik.
Helegitea jartzeko aukera du defentsak. Hamaika urte igaro dira aztarnategiaren jabeak, Aldundiak, 1994 eta 2008 artean indusketaren zuzendari izan zena auzitara eraman zuenetik. Hala ere, Gilek beti aldarrikatu du errugabea dela, eta indusketaren aurkikuntzen egiazkotasunari eta salbuespenari eutsi die une oro. Bi akusatuen abokatuek absoluzioa eskatu zuten otsailean egindako epaiketan.
Epaiketa
Oraingoz, horrela amaitu da Iruña-Veleiako aztarnategitik ateratako 291 piezen ustezko faltsifikazioen auzia.
Eliseo Gil zuzendariak "ezohiko" aurkikuntza gisa aurkeztu zituen piezak 2005 eta 2006 urteen artean. 2008an, pieza horien benekotasuna aztertzeko batzorde zientifiko bat sortu zen. Batzordaren ebazpenaren harira, Arabako Foru Aldundiak aztarnategia ustiatzen zuen Lurmen enpresa kaleratu zuen, eta arduradunen aurkako salaketa jarri zuen.
Hamaika urte beranduago, 2019ko otsailaren 3an hasi zen epaiketa: 50 bat lekukok parte hartu dute 12 saiotan. Hiru akusatu zeuden epaiketaren hasieran: Eliseo Gil, Ruben Cerdan eta Oscar Escribano.
Escribano geologoak pieza bat faltsutu zuela onartu zuen lehen saioan, broma bat egiteko "Veleia" hitza pieza batean idatzi zuelako. Akusazioarekin urtebeteko espetxe zigorra adostu zuen.