Iruña-Veleia auzia

Epaiaren zain geratu da Iruña-Veleia auziaren epaiketa

Erredakzioa 2020ko ots. 19a, 13:51
Bost urte eta erdiko kartzela zigorrari eutsi dio Fiskaltzak, Eliseo Gilentzat. / ALEA

Eliseo Gilentzat eskatutako bost urte eta erdiko kartzela zigorrari eutsi zion atzo Fiskaltzak. Epaiketaren amaieran, akusatu nagusiak berak hitza hartu du, epaiketa honek "sufrimendu ikaragarria" eragin diola salatzeko eta bere errugabetasuna defendatzeko.

Gaur, otsailaren 19an, bi aldeek behin betiko ondorioak aurkeztu dituzte eta epaiaren zain geratu da epaiketa. Akusatuek ere aukera izan dute azken hitza hartzeko.

Fiskalaren zein Aldundiko akusazio partikularraren tesia da Eliseo Gil grafito faltsuen egilea dela, eta ikerketa grafologikoak hori ondorioztatzeko aukera eman dutela, erabateko ziurtasuna eskaini ez badute ere. Gainera, Ruben Cerdanek bere titulaziorik aurkeztu ez duela azpimarratu dute, bere fidagarritasun falta argudiatzeko.

Bestalde, akusazioek azken egunean delitu berri bat gehitzea eta egiletzaren kontzeptuari eragiten dion aldaketa bat proposatzea salatu du Eliseo Gilen abokatuak. Akusazioak "froga bakar bat ere ez" duela aurkeztu eta iritzi publikoari piezak faltsuak direla sinistarazteko "asmo obsesibo bat" egon dela ere salatu du. Ruben Cerdanen abokatuak, besteak beste, preskripzioa eskatu du bere bezeroarentzat.

Azkenik, Eliseo Gilek berak hitza hartu du, epaiketa honek "sufrimendu ikaragarria" eragin diola salatzeko eta bere errugabetasuna defendatzeko.

Eskaera fiskala

Eliseo Gili kartzela zigor eskaera mantendu dio Fiskaltzak, ustez grafitoak faltsutzeagatik; Eusko Jaurlaritzari 102.6000 euro ordaintzeko eskatu dio Gili, erantzukizun zibil gisa. Gil eta Cerdanen defentsak absoluzioa eskatu du.

Bost urte eta erdiko espetxe zigorra, 7.200 euroko isuna agiri ofizial edo pribatuan faltsutasun delitua egiteagatik, eta Eusko Jaurlaritzari 102.600 euro ordaintzea, erantzukizun zibilaren kontzeptuan. Hori da atzo Eliseo Gil Iruña-Veleiako aztarnategi arkeologikoko zuzendari ohiarentzat Fiskaltzak egindako eskaera, epaiketaren azken-aurreko saioan.

Fiskaltzak uste du, halaber, kaltetutako piezak 291 izan zirela, horietatik 171 zeramikoak; hasieran, ordea, 476 pieza jotzen ziren kaltetutzat.

Ondarearen gaineko delitu jarraituari lotuta, agiri ofizial edo pribatuan faltsutasun delitua egin izana ere aintzat hartzeko eskatu du fiskalak. Era berean, Ministerio Publikoak 7.200 euroko isuna eskatu du delitu horrengatik.

Erantzukizun zibilari dagokionez, Gilek Eusko Jaurlaritzari 102.6000 euro ordain diezazkiola eskatu du Fiskaltzak, kaltetutako zeramikazko piezengatik; hasieran 285.000 euro eskatzen zituen. Halaber, epaia betearaztean, kaltetutzat jotzen diren gainontzeko piezen balorea zenbatzea ere eskatu du.

Ministerio Publikoak behin betikotzat jo du bere akusazio-idazkia, Gasteizko Zigor arloko 1 zenbakiko Epaitegian. Arabako Foru Aldundiak, aztarnategiaren jabeak eta akusazio partikularrak, Fiskaltzaren behin betiko idazkiarekin bat egin dute.

Eliseo Gil ondare historikoaren gaineko delitu jarraitu baten eta iruzur delitu baten egilea dela uste du Fiskaltzak. Hala ere, akusazio-idazkia behin betikotzat jotzean, aztarnategiko zuzendari ohia delitu horien omisio bidezko egiletzat ere har daitekeela adierazi du.

Horrek Gil kondenatzeko aukera zabaltzen du, Fiskaltzak faltsutzat jotako grafito horien egile materiala bera izan zela frogatu ezin den arren.

Ruben Cerdanentzat 2 urte eta 6 hilabeteko espetxe zigorra eskatu du, iruzur delitu jarraitua eta agiri pribatuak faltsutzea egotzita.

 

Epaiketaren gakoak

Otsailaren 3an hasi zen Iruña-Veleiako indusketetan aurkitutako ostraken inguruko epaiketa, hamar urteko prozesu judizialaren ostean. Guztira hamar saio izan ditu Iruña-Veleia auziko epaiketak, otsailaren 3tik hilaren 18ra arte.

Epaiketaren lehenengo asteak ez zuen Iruña-Veleia auzia argitu. Oscar Escribanok Fiskaltzarekin egindako akordioak, bertsio kontrajarriek eta aztarnategian aritutako hainbat arkeologoen zalantzek markatu zuten Iruña-Veleia auziko epaiketaren hasiera.

Bigarren astean, Eliseo Gilek Iruña-Veleian grafitoak faltsutu egin zituela deklaratu zuten hiru peritu kaligrafok. Hala ere, hirurek azpimarratu zuten ezin izan zutela ondorioztatu ustezko grafito faltsuak Gilek egin zituenik.

Azkenik, aste honetan, Espainiako Kultur Ondarearen Institutuko Jose Vicente Navarro geologo adituak adierazi du manipulazioa "zakarra" izan zela. Navarrok susmopean zeuden 476 piezetatik 39ren lagin bat aztertu zuen, eta horietako 35etan egindako inskripzioak eta marrazkiak "garaikideak eta ez klasikoak" zirela ebatzi zuen.

Bestalde, defentsaren bi kaligrafo adituk baztertu egin dute Iruña-Veleiako ustezko grafito faltsuen egilea Eliseo Gil izan denik.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide