Epaiketaren lehen asteak ez du Iruña-Veleia auzia argitu

Erredakzioa 2020ko ots. 7a, 10:29

Oscar Escribanok Fiskaltzarekin egindako akordioak, bertsio kontrajarriek eta aztarnategian aritutako hainbat arkeologoen zalantzek markatu dute Iruña-Veleia auziko epaiketaren lehenengo astea.

Iruña-Veleia auziko hiru akusatuetako batek pieza bat faltsutu zuela onartu eta Fiskaltzarekin akordioa egin zuen astelehenean, epaiketaren lehen saioan. Oscar Escribanok ondarearen kontrako delitua eta urtebeteko espetxe zigorra onartu zituen, baina ez du kartzelara joan beharrik izango.

Horrela hasi zen astelehenean Iruña-Veleia auziko epaiketa, Gasteizko Zigor Alorreko Lehen salan. Bere lankideei "broma bat" egiteko asmoz egin zuela azaldu du Escribano geologoak: 2006ko indusketetan "Veleia" idatzi zuen pieza batean, eta urte hauetan behin baino gehiagotan onartu du iruzurra. Epaiketaren lehen saioa hasi baino lehen eman zuen adostutako akordioaren berri.

Bestalde, beste bi akusatuek, Eliseo Gilek eta Ruben Cerdanek, euren errugabetasuna defendatu dute momentu oro.

"Inork ez zituen zalantzan jarri aurkitutako grafitoak"

Idoia Filloy aztarnategiko zuzendari ohiak astearteko saioan ziurtatu du inork ez zituela zalantzan jarri aurkitutako grafitoak. Grafitoen faltsutasunaren inguruan "adostasun zientifikorik" ez dagoela dio arkeologoak, eta Iruña-Veleian erabilitako lan metodoa abalatu du.

Iruña-Veleiako indusketen zuzendarikide ohiak lekuko gisa adierazi duenez, 2005 eta 2006 urteen artean indusketetan parte hartu zuen taldeko inork ez zuen zalantzan jarri aurkitutako materialaren benetakotasuna, ezta erabilitako metodologia ere.

Azaldu duenez, salbuespenezko grafito batzuk aurkitu zituzten indusketaren unean bertan; hala ere, gehienak garbitu ondoren antzeman zituztela onartu du, garbitzeko prozesurik gabe ikusteko zailtasunak kontuan izanda.

Asteartean deklaratu du aztarnategiko zuzendari ohiaren arreba Ainhoa Gilek, lekuko gisa. Aitortu duenez, grafito gehienak aztarnategitik ateratzen zituzten materialak garbitu ondoren aurkitu zituzten; material kopurua zela eta, hilabeteak behar izaten zituzten garbitzeko.

Arkeologoen zalantzak

Asteazkeneko saioan, Miguel Angel Berjon eta Jose Angel Apellaniz arkeologoek "anormaltzat" jo dute grafitoak beti garbitu ostean agertzea. Iruña-Veleiako indusketan lan egin zuten bi arkeologoek ziurtatu dutenez, ez zituzten inoiz ikusi grafitoak, eta "anormala" eta "harrigarria" iruditu zaie horiek beti garbiketa prozesuaren ondoren agertzea.

2002 eta 2007 artean aritu ziren biak aztarnategian lanean, baina lanpostua utzi ondoren, indusketetan erabilitako metodoan "anomalia eta irregulartasun larriak" zeudela salatu zuten 2009an. Biek azaldu dute 2006ko ekainean historikotzat aurkeztu ziren grafitoak inoiz ez zituztela ikusi materialak ateratzeko unean.

Epaiketaren laugarren saioan, ostegunean, zalantzak berretsi dituzte beste hiru arkeologok. Izan ere, Daniel Vallo, Xabier Reparaz eta Raul Sanchez arkeologoek ziurtatu dute lurretik ez zutela ezohiko piezarik atera, eta beti "garbitutakoan" agertzen zirela idazkiak.

Hala ere, adierazi dute aztarnategian zeudenean zituzten zalantzak ez zirela piezen egiazkotasunaren inguruan, lan metodoaren inguruan baizik.

Iruña-Veleia, hamaika urteko auzia

Hamaika urte igaro dira Iruña-Veleiako auzia hasi zenetik. 2008ko azaroaren 19an adierazi zuen Arabako Foru Aldundiak faltsuak zirela Iruña-Veleian aurkitutako ostraketan ageri ziren testuak eta bestelakoak.

2009ko maiatzean aurkeztu zuen Aldundiak lehenbiziko kereila aztarnategia kudeatzen zuen arkeologoen taldearen kontra. Fiskaltzaren tesiaren arabera, 476tik gora pieza manipulatu zituen Eliseo Gilek, "ospe profesionala lortzeko" eta "etekin ekonomikoak ateratzeko".

Guztira hamar saio izango ditu Iruña-Veleia auziko epaiketak; otsailaren 3tik hilaren 18ra arte, asteburuak eta ostiralak izan ezik. Saio guztiak 9:30ean hasiko dira, eta epaile bakarra izango du: Isabel Maria Diez-Pardo Hernandez.

Arabako Foru Aldundia izan zen kereila-jartzailea, eta modu berean, akusazio gisa jardungo du epaiketan zehar, Francisco Javier Villarubia abokatuaren eskutik eta Fiskaltzarekin batera.

Escribanok akordioa lortu ostean, beste bi akusatuen espetxe zigor eskaerak mantentzen dira:

  • Eliseo Gil Zubillaga: AFAk 3 urte eta 9 hilabeteko espetxe zigorra eskatu du ondarearen aurkako kalteengatik, eta 3 urte eta 9 hilabete iruzurragatik; guztira 7 urte eta erdi. Fiskaltzak 3 urteko espetxe zigorra eskatu du ondarearen aurkako kalteengatik, eta 2 urte eta erdi iruzurragatik; guztira 5 urte eta erdi. Francisco Javier Martinez de San Vicente abokatuak eramango du bere defentsa.
  • Ruben Manuel Cerdan Casila: AFAk 3 urte eta 9 hilabeteko espetxe zigorra eskatu du iruzurragatik. Fiskaltzak 2 urte eta erdiko espetxe zigorra eskatu du delitu beragatik.

Horrez gain, iruzur delituagatik Gil eta Cerdanen artean 12.490 euro ordaintzea eskatu du Fiskaltzak. Bestalde, Gil eta Escribanoren artean, ondarearen aurkako kalteengatik ordaindu beharreko 286.000 euroak daude; epaiketan zehar zehaztuko da kalte ordainen inguruko erabakia, Escribanoren akordioa kontuan hartuta.

Erlazionatuak

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide