Iruña-Veleia auzia

Oscar Escribanok akordioa egin du Fiskaltzarekin, ondarearen kontrako delitua onartuz

Erredakzioa 2020ko ots. 3a, 10:37
Bizikleta martxa egin zuen larunbatean Iruña-Veleia Argitu plataformak.

Iruña-Veleia auziko hiru akusatuetako batek pieza bat faltsutu zuela onartu eta akordioa egin du Fiskaltzarekin. Oscar Escribanok ondarearen kontrako delitua onartu du; urtebeteko espetxe zigorra ezarri diote, baina ez du kartzelara joan beharrik izango.

Arabako Fiskaltzak hiru urteko espetxe zigorra eta 24 hilabeteko isuna eskatzen zituen Escribanorentzat, ondare historikoaren gaineko delitua egotzita; eta bi urte eta sei hilabeteko zigorra iruzurragatik. Bestalde, AFAk hiru urte eta bederatzi hilabete eskatzen zituen geologoarentzat, ondare historikoari kalte egitea leporatuta.

Gainera, hamabi hilabetez egunero sei euroko isuna ordaindu beharko du (2.232 euro). Era berean, Eusko Jaurlaritzari 300 euro ordaindu beharko dizkio kaltetutako piezagatik, eta Arabako Foru Aldundiari beste 300, aztarnategian egindako inbertsio gastuengatik.

Modu honetan hasi da astelehenean Iruña-Veleia auziko epaiketa, Gasteizko Zigor Alorreko Lehen salan. Bere lankideei "broma bat" egiteko asmoz egin zuela azaldu du Escribano geologoak: 2006ko indusketetan "Veleia" idatzi zuen pieza batean, eta urte hauetan behin baino gehiagotan onartu du iruzurra. Epaiketaren lehen saioa hasi baino lehen eman du adostutako akordioaren berri.

Dagoeneko zigortuta hasi du epaiketa Escribanok. Eliseo Gilekin eta Ruben Cerdanekin zer gertatzen den jakingo da epaiketan zehar. Izan ere, biek ala biek euren errugabetasuna defendatu dute epaitegien atarian, epaiketa hasi baino minutu batzuk lehenago. Iruña-Veleiako aurkikuntzen faltsutasuna ez dela frogatu uste du Eliseo Gil arkeologoak.

Iruña-Veleia, hamaika urteko auzia

Hamaika urte igaro dira Iruña-Veleiako auzia hasi zenetik. 2008ko azaroaren 19an adierazi zuen Arabako Foru Aldundiak faltsuak zirela Iruña-Veleian aurkitutako ostraketan ageri ziren testuak eta bestelakoak.

2009ko maiatzean aurkeztu zuen Aldundiak lehenbiziko kereila aztarnategia kudeatzen zuen arkeologoen taldearen kontra. Fiskaltzaren tesiaren arabera, 476tik gora pieza manipulatu zituen Eliseo Gilek, "ospe profesionala lortzeko" eta "etekin ekonomikoak ateratzeko".

Guztira hamar saio izango ditu Iruña-Veleia auziko epaiketak; otsailaren 3tik hilaren 18ra arte, asteburuak eta ostiralak izan ezik. Saio guztiak 9:30ean hasiko dira, eta epaile bakarra izango du: Isabel Maria Diez-Pardo Hernandez.

Arabako Foru Aldundia izan zen kereila-jartzailea, eta modu berean, akusazio gisa jardungo du epaiketan zehar, Francisco Javier Villarubia abokatuaren eskutik eta Fiskaltzarekin batera.

Escribanok akordioa lortu ostean, beste bi akusatuen espetxe zigor eskaerak mantentzen dira:

  • Eliseo Gil Zubillaga: AFAk 3 urte eta 9 hilabeteko espetxe zigorra eskatu du ondarearen aurkako kalteengatik, eta 3 urte eta 9 hilabete iruzurragatik; guztira 7 urte eta erdi. Fiskaltzak 3 urteko espetxe zigorra eskatu du ondarearen aurkako kalteengatik, eta 2 urte eta erdi iruzurragatik; guztira 5 urte eta erdi. Francisco Javier Martinez de San Vicente abokatuak eramango du bere defentsa.
  • Ruben Manuel Cerdan Casila: AFAk 3 urte eta 9 hilabeteko espetxe zigorra eskatu du iruzurragatik. Fiskaltzak 2 urte eta erdiko espetxe zigorra eskatu du delitu beragatik.

Horrez gain, iruzur delituagatik Gil eta Cerdanen artean 12.490 euro ordaintzea eskatu du Fiskaltzak. Bestalde, Gil eta Escribanoren artean, ondarearen aurkako kalteengatik ordaindu beharreko 286.000 euroak daude; epaiketan zehar zehaztuko da kalte ordainen inguruko erabakia, Escribanoren akordioa kontuan hartuta.

Epaiketaren lehen saioko kronika osatu du Berriako kazetari Iñigo Astizek. Informazio osatuagoa hemen duzue ikusgai.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide