Arabako Haranak ureztatzeko proiektuaren beharra berretsi dute nekazariek

Erredakzioa 2020ko ots. 11a, 11:26

Arabako Haranak Ureztatzeko Proiektuak 6.000 hektareako azalerari eragiten dio. / PHOT.OK

Barrongo urtegiaren proiektua bertan behera geratu zenetik hiru aste igaro direnean, Arabako Haranak ureztatzeko beharra berretsi dute UAGAk eta Tumecillo Ureztatzaileen Elkarteak.

Arabako Haranak ureztatzeko ACUAES sozietateak bertan behera utzitako proiektua nekazaritza sektorearen eta inguruko herrien etorkizuna bermatzeko beharrezkoa dela azpimarratu dute UAGAk eta Tumecillo Ureztatzaileen Elkarteak: "Oraindik ez da jakinarazpen ofizialik egin, baina, gauzatuz gero, arrisku larria ekarriko du inguruko landa-garapenerako".

Ureztatzea beharrezkoa dela ohartarazi dute, "Arabako Haranak eskualdea garatzeko, bai nekazaritza sektorerako, bai landa ingurune osorako". Eta proiektuaren geldiaraztea baieztatzen edo gezurtatzen duen komunikazio ofizial bat eskatu dute.

Bi elkarteek ACUAESen erabakia arbuiatu dute, Arabako Haranen ureztatzea "guztiz geldiaraztea" dakarrelako. Salatu dutenez, proiektuak 6.000 hektareako laborantza-azalerari eragiten dio, eta bertan behera geratuko balitz, "hobetzeko aukerarik gabe" geratuko lirateke bertako nekazariak. Gainera, ureztatzeko 2.000 hektarea inguru hartzen dituen gauzatze fase bat dagoeneko martxan dagoela gogorarazi dute.

Arabako Haranak Ureztatzeko Proiektua onartuta dagoela diote: proiektua "interes orokorrekotzat" jo zuen Zerga, Administrazio eta Gizarte Arloko Neurriei buruzko abenduaren 29ko 14/2000 Legeak; eta horrez gain, Ingurumenaren Gaineko Eraginari buruzko aldeko adierazpen bat ere lortu zuen.

UAGA eta Ureztatzaileen Erkidegoa Aldundiarekin harremanetan daudela azaldu dute, "proiektuaren egoeraren berri izateko". Gainera, Batzar Nagusietan agerraldia egiteko eskatu dute, Arabako bailaretako ureztatzearen egoera azaltzeko.

Erlazionatuak

Ureztaketa bideragarria egiteko beharra

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2020 urt 24 Añana   Erriberagoitia

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago