Barrongo urtegiaren proiektua bertan behera geratu da

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2020ko urt. 21a, 13:21

Ekologistak Martxan taldeak agerraldia egin du gaur berria emateko. / ALEA

ACUAES proiektuaren sozietate sustatzaileak atzera egin du.

Bideragarritasuna bermatuta ez dagoelako atzera egin du ACUAES enpresa publikoak Arabako Ibarrak ureztatzeko proiektuan; hortaz, azken fasea bertan behera geratu da, tartean Barrongo urtegiaren obra. Trantsizio Ekologikoaren Espainiako Ministerioari 2019ko martxoaren 20an bidalitako gutun batean hala dio enpresa publikoak: "Agerian da kostu ekonomikoak ACUAESen zuzeneko kudeaketa-hitzarmenean aurreikusitako finantza-baldintzak gainditzen dituela; eta gainera, Ingurumen Inpaktuaren Txostenak ezarritako baldintza guztiak ezin dituela bermatu, asko enpresa sustatzailearen benetako gaitasunetik kanpo baitaude. Horrenbestez, enpresa honek Arabako Ibarren Ureztapena Hobetzeko eta Modernizatzeko (1, 2, 3, 4, 5, 6 eta 7 zonaldeak) proiektua baztertzea erabaki du".

Gasteizen egin duten agerraldian eman dute ACUAESen erabakiaren berri Barron-Añanako Urtegiari Ez plataformako kideek eta Ekologistak Martxan taldeko lagunek. "Ingurumenarentzat, inguruko bizilagunentzat eta herritarrentzat oro har oso albiste ona da Barrongo urtegiaren obra behin betiko baztertzea", esan du Santiago Martinek talde ekologistaren izenean, eta azpimarratu du enpresak argi utzi duela egindako txostenean proiektua ez dela bideragarria, eta beste alternatiba batzuk daudela ureztatzea bermatzeko. "Txostenak argiak eta sendoak dira. Proiektua erori da".

Plataformako kide Maite Cruzek poza adierazi du Barrongo urtegiaren eraikuntzari amaiera ematen dion erabakiagtik, eta eskerrak eman dizkie "urte hauetan guztietan azpiegitura hidrauliko hau gelditzeko lanean aritu diren talde sozial eta politiko guztiei". Arabako Ibarretako nekazariei ere mezu bat helarazi nahi izan die plataformako kideak: "Barrongo urtegiaren eraikuntza behin betiko baztertu bada ere, horrek ez du esan nahi ezin denik egin inguruko ureztaketa hobetzeko eta modernizatzeko proiektua, bideragarritasun-txostenak berak azaltzen baitu badaudela alternatibak. Plataformatik beti defendatu ditugu nekazaritza eta nekazariak, baina ez dago lurraldea ekonomikoki, sozialki eta ingurumenaren aldetik hipotekatzerik", azpimarratu du.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago