Barronen 4,3 hektometro kubikoko urtegia eraikitzea aurreikusi zuen proiektua ez da bideragarria. Horregatik obra bertan behera utzi du ACUAES elkarte publikoak. Espainiako Trantsizio Ekologikorako Ministerioak ere proiektuaren berme falta berretsi du, eta ekainean kaleratutako Bideragarritasun Txostenean dio urtegia eraikitzeak inpaktu handia izango lukeela ingurumenean, eta egitasmoa ez dela jasangarria ez maila sozialean ez ekonomikoan ere. Alternatibak daudela gaineratu du Ministerioak.
Ustekabez jakitera eman dute albistea Ekologistak Martxanek eta Barron-AÒanako Urtegiari Ez plataformak. Iazko martxotik zekiten ekologistek ACUAESek uko egin ziola urtegia eraikitzeari, baina itxaron nahi izan dute, Espainiako Gobernuari eskatutako Bideragarritasun Txostena jaso arte. Azkenean, ekainean eman zuen Trantsizio Ekologikorako Ministerioak proiektuari buruzko iritzia, eta obraren sustatzaileak bezala, ez du bideragarri ikusi egitasmoarekin aurrera jarraitzea.
"ACUAESek uko egin ostean, guretzat oso garrantzitsua zen ziurtatzea beste inork ezingo zuela obrarekin jarraitu, eta horretarako Bideragarritasun Txostena da gakoa, txosten horretan jasotzen dena ezin duelako inork arbuiatu", azaldu du Ekologistak Martxaneko Santiago Martinezek.
2004. urteko proiektua baztertu eta gero, beste alternatiba batzuk bilatzeko ordua dela azpimarratu du Martinezek: "Ez da dramatizatu behar, gertatutakoa oso ohikoa da estatu demokratiko batean; zenbakiak ateratzen ez direnean eta kostu ekonomikoak eta sozialak ez direnean kubritzen, alternatibak bilatu behar dira. Denok irabaziko dugu sen onak esaten digunari jarraitzen baldin badiogu".
2016an sortu zen eta urte hauetan lanean aritu den plataformaren izenean, Maite Cruz nekazari kaltetuak poza adierazi du, eta eskerrak eman dizkie urte hauetan guztietan azpiegitura hidrauliko hau gelditzeko lanean aritu diren talde sozial eta politiko guztiei.
Halaber, Cruzek alternatibak bilatzeko ordua dela azpimarratu du: "Barrongo urtegiaren eraikuntza behin betiko baztertu bada ere, horrek ez du esan nahi ezin dela egin inguruko ureztaketa hobetzeko eta modernizatzeko proiektua". Gainera, gogoratu du plataformak beti defendatu dituela nekazaritza eta nekazariak: "Baina ez dago lurraldea ekonomikoki, sozialki eta ingurumenaren aldetik hipotekatzerik". Ildo horretan, administrazioei dei egin die hausnarketa egiteko eta "zentzuz jokatzeko".
Ureztatzeko "beharra"
Ezusteko erabakiaren aurrean, berria behar bezala aztertzeko denbora eskatu du Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak Foru Gobernuaren ohiko bilkuraren ostean egin duen agerraldian, eta azpimarratu du obra ez duela Diputazioak sustatu, baizik eta Espainiako Gobernuak. Alta, nabarmendu du Arabako haranetan ureztaketa "ezinbestekoa" dela, nekazaritzak duen paper garrantzitsuagatik, "eta biztanleria finkatzeko balioko duelako".
Denbora honetan urtegiaren kontra agertu diren indar politikoen artean poza nagusitu da. Kike Fernandez de Pinedo EH Bilduko Batzar Nagusietako bozeramailearen arabera, "abisu bat da" albistea, eta foru gobernuari dei egin dio lurraldeari eragiten dioten azpiegituren politikak birpentsatzeko. Elkarrekin-Podemoseko diputatu Juantxo Lopez de Uraldek, bere aldetik, proiektua "behin betiko baztertzea" espero duela esan du.