"Egia jakin nahi dugu, edozein delarik ere". Egia jakitea exijitu du plataformak Gasteizko Justizia Jauregian hasiko den epaiketaren aurrean egindako agerraldian: "Sekula egin behar ez zen epaiketa da, zigor-auzitegia ez delako eztabaida zientifiko bat erabakitzeko lekurik onena", adierazi dute.
Hamaika urte igaro dira Iruña-Veleiako auzia hasi zenetik. 2008ko azaroaren 19an adierazi zuen Arabako Foru Aldundiak faltsuak zirela Iruña-Veleiako aztarnategian aurkitutako ostraketan ageri ziren testuak eta bestelakoak.
2009ko maiatzean aurkeztu zuen Aldundiak lehenbiziko kereila aztarnategia kudeatzen zuen arkeologoen taldearen kontra. Fiskaltzaren tesiaren arabera, 476tik gora pieza manipulatu zituen Eliseo Gilek, "ospe profesionala lortzeko" eta "etekin ekonomikoak ateratzeko".
Lurmeneko zuzendari Eliseo Gil Zubillagaren, Oscar Escribano Sanz langilearen eta Ruben Cerdan Casilari kolaboratzailearen aurkako kereila zen hura, Batzorde Zientifiko Laguntzailea izeneko batzordearen txostenetan oinarrituta.
Iruña-Veleia Argitu plataformako bozeramaile Juan Martin Elexpuruk eta Gontzal Fontanedak intrukzio fasea "amaigabea" izan dela salatu dute: "Hamaika urteko aulki-zigorra auzipetuentzat, benetako tortura".
"Zientziarik gabe justiziarik ez"
Iruña-Veleia Argitu plataformak ohartarazi du "ebidentzia fisikoez egindako txosten bakar batek ere ez zuela ondorioztatzen ez grafitoak benetakoak zirenik ezta faltsuak zirenik ere; are gutxiago auzipetuak egileak direnik".
Gainera, plataformak kritikatu du epaileak ez duela deitu kereila jarri zuen Lorena Lopez de Lacalle politikaria, 2008an, Foru Aldundiko Kultura Diputatua zena. Horrez gain, salatu dute benetakotasunaren aurkako epaia eman zuten unibertsitateko irakasleak eta kontra-txostenak egin zituzten adituak ere ez dituztela deitu.
Argi hitz egin dute Elexpuruk eta Fontanedak: "Konbentzituak gaude grafitoak benetakoak direla, eta ondorioz auzipetuak errugabeak direla egozten zaizkien delituetatik". Auzipetuen aurkako karguak baztertzea eta azterketa arkeometrikoak zein indusketa kontrolatuak bideratu ditzala eskatu diote Aldundiari.
Halaber, arazoari "arduraz" hel diezaiotela eta auzia argitzeko "ahaleginak eta bi" egin ditzatela eskatu diete ondare kulturala eta historikoa zaintzeko eginkizuna duten erakundeei: "Eginahalak egin behar ditugu auziak amaiera ustela izan ez dezan, bestela hurrengo belaunaldiei pasatuko genieke eztabaida".
Hori dela eta, protestak antolatu dituzte datozen asteetan, Zientziarik gabe justiziarik ez lelopean. Hurrengo larunbatean, otsailaren 1ean, hamar kilometroko bizikleta martxa egingo dute, eta 11:00etan Lakuako karabanen aparkalekutik irtengo da. Ondoren, elkarretaratzea deitu dute Gasteizko Justizia Jauregian, 13:00etan.
Epaiketa datuetan
Guztira hamar saio izango ditu Iruña-Veleia auziko epaiketak; otsailaren 3tik hilaren 18ra arte, asteburuak eta ostiralak izan ezik. Saio guztiak 9:30ean hasiko dira, eta epaile bakarra izango du: Isabel Maria Diez-Pardo Hernandez.
Arabako Foru Aldundia izan zen kereila-jartzailea, eta modu berean, akusazio gisa jardungo du epaiketan zehar, Francisco Javier Villarubia abokatuaren eskutik eta Fiskaltzarekin batera.
Hiru akusatuentzat espetxe zigorrak eskatu dituzte, bai Fiskaltzak eta baita Arabako Foru Aldundiak ere:
- Eliseo Gil Zubillaga: AFAk 3 urte eta 9 hilabeteko espetxe zigorra eskatu du ondarearen aurkako kalteengatik, eta 3 urte eta 9 hilabete iruzurragatik; guztira 7 urte eta erdi. Fiskaltzak 3 urteko espetxe zigorra eskatu du ondarearen aurkako kalteengatik, eta 2 urte eta erdi iruzurragatik; guztira 5 urte eta erdi. Francisco Javier Martinez de San Vicente abokatuak eramango du bere defentsa.
- Oscar Escribano Sanz: AFAk 3 urte eta 9 hilabeteko espetxe zigorra eskatu du ondarearen aurkako kalteengatik. Fiskaltzak 3 urteko espetxe zigorra eskatu du delitu beragatik. Virginia Urtaran Agirre abokatuak eramango du bere defentsa.
- Ruben Manuel Cerdan Casila: AFAk 3 urte eta 9 hilabeteko espetxe zigorra eskatu du iruzurragatik. Fiskaltzak 2 urte eta erdiko espetxe zigorra eskatu du delitu beragatik.
Hortaz, auzia kartzela zigorrekin eta 300.000 euro inguruko kalte ordainekin amaitu liteke. Izan ere, bi isun aurreikusten du eskaera fiskalak: alde batetik, iruzur delituagatik Gil eta Cerdanen artean ordaindu beharreko 12.490 euroak; eta bestalde, Gil eta Escribanoren artean, ondarearen aurkako kalteengatik ordaindu beharreko 286.000 euroak.