Iruña-Veleiako auziaren epaiketa iritsi da

Erredakzioa 2020ko urt. 24a, 11:17

2008ko azaroan hasi zen Iruña-Veleiako auzia. / ALEA

Otsailaren 3an hasiko da Iruña-Veleiako indusketetan aurkitutako ostraken inguruko epaiketa, hamar urteko prozesu judizialaren ostean. Eliseo Gil aztarnategiaren garaiko zuzendariarentzat bost urte eta erdiko espetxe zigorra eskatu du Fiskaltzak.

Hamaika urte igaro dira Iruña-Veleiako auzia hasi zenetik. 2008ko azaroaren 19an adierazi zuen Arabako Foru Aldundiak faltsuak zirela Iruña-Veleian aurkitutako ostraketan ageri ziren testuak eta bestelakoak.

2009ko maiatzean aurkeztu zuen Aldundiak lehenbiziko kereila aztarnategia kudeatzen zuen arkeologoen taldearen kontra. Fiskaltzaren tesiaren arabera, 476tik gora pieza manipulatu zituen Eliseo Gilek, "ospe profesionala lortzeko" eta "etekin ekonomikoak ateratzeko".

Epaiketa datuetan

Guztira hamar saio izango ditu Iruña-Veleia auziko epaiketak; otsailaren 3tik hilaren 18ra arte, asteburuak eta ostiralak izan ezik. Saio guztiak 9:30ean hasiko dira, eta epaile bakarra izango du: Isabel Maria Diez-Pardo Hernandez.

Arabako Foru Aldundia izan zen kereila-jartzailea, eta modu berean, akusazio gisa jardungo du epaiketan zehar, Francisco Javier Villarubia abokatuaren eskutik eta Fiskaltzarekin batera.

Bost urte eta erdiko espetxe zigorra eskatu du fiskalak Eliseo Gilentzat. / ALEA

 

Hiru akusatuentzat espetxe zigorrak eskatu dituzte, bai Fiskaltzak eta baita Arabako Foru Aldundiak ere:

  • Eliseo Gil Zubillaga: AFAk 3 urte eta 9 hilabeteko espetxe zigorra eskatu du ondarearen aurkako kalteengatik, eta 3 urte eta 9 hilabete iruzurragatik; guztira 7 urte eta erdi. Fiskaltzak 3 urteko espetxe zigorra eskatu du ondarearen aurkako kalteengatik, eta 2 urte eta erdi iruzurragatik; guztira 5 urte eta erdi. Francisco Javier Martinez de San Vicente abokatuak eramango du bere defentsa.
  • Oscar Escribano Sanz: AFAk 3 urte eta 9 hilabeteko espetxe zigorra eskatu du ondarearen aurkako kalteengatik. Fiskaltzak 3 urteko espetxe zigorra eskatu du delitu beragatik. Virginia Urtaran Agirre abokatuak eramango du bere defentsa.
  • Ruben Manuel Cerdan Casila: AFAk 3 urte eta 9 hilabeteko espetxe zigorra eskatu du iruzurragatik. Fiskaltzak 2 urte eta erdiko espetxe zigorra eskatu du delitu beragatik.

Hortaz, auzia kartzela zigorrekin eta 300.000 euro inguruko kalte ordainekin amaitu liteke. Izan ere, bi isun aurreikusten du eskaera fiskalak: alde batetik, iruzur delituagatik Gil eta Cerdanen artean ordaindu beharreko 12.490 euroak; eta bestalde, Gil eta Escribanoren artean, ondarearen aurkako kalteengatik ordaindu beharreko 286.000 euroak.

Iruña Veleia Argitu plataformaren iraganeko agerraldia. / Argazkia: Esti Lanao

 

Mobilizazioak "zientziaren bidea" aldarrikatzeko

Agertutako grafitoak faltsuak direla baieztatzeko "froga fisiko bakar bat ere" aurkeztu ez dela salatu du Iruña-Veleia Argitu plataformak epaiketaren atarian. Halaber, plataformaren arabera, Eliseo Gilek egindako ustezko iruzurra ere ez da frogatu: "Grafitoak oraindik ez dira Europako prestigioko laborategitik pasatu", salatu dute.

Gogor hitz egin dute plataformako kideek: "Soilik grafitoen azaletako bi analitika egin dituzte, ez idazkunen barrunbeetan, esperientziarik ez duten eta faltsukeriaren alde dauden pertsonek edo laborategiek egindakoak".

Gainera, plataformak kritikatu du epaileak ez duela deitu kereila jarri zuen Lorena Lopez de Lacalle politikaria, 2008an, Foru Aldundiko Kultura Diputatua zena. Horrez gain, salatu dute benetakotasunaren aurkako epaia eman zuten unibertsitateko irakasleak eta kontra-txostenak egin zituzten adituak ere ez dituztela deitu.

"Bi herritar froga barik epaituak izango dira", ziurtatu du Iruña-Veleia Argituk. Horrez gain, epaiketaren ondorio larriez ohartarazi dute: "Euskararentzat eta euskaldunontzat agertutako grafitoak balio ikaragarria izan dezakete eta baliteke epaiketaren ostean grafito horiek zabortegian amaitzea". Horregatik, "zientziaren bidea" aldarrikatu dute auzia argitzeko, bide judiziala albo batera utzita.

Hori dela eta, protestak antolatu dituzte datozen asteetan, Zientziarik gabe justiziarik ez lelopean. Hurrengo larunbatean, otsailaren 1ean, hamar kilometroko bizikleta martxa egingo dute, eta 11:00etan Lakuako karabanen aparkalekutik irtengo da. Ondoren, elkarretaratzea deitu dute Gasteizko Justizia Jauregian, 13:00etan.

Erlazionatuak

Iruña-Veleiako lotsagarrikeriaren 11. urteurrena

Erabiltzailearen aurpegia Iruña-Veleia Argitu plataforma 2019 aza 18 Añana   Iruña Oka

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago