Plataforma bat osatuko dute Añana Kuadrillan Barrongo urtegiari aurre egiteko. Ez dute obra handiaren beharra inondik inora ikusten eta lurzoruen ureztapena beste bide batzuetatik egin daitekeela uste dute. Hortaz egungo errealitatearekin bat egiten duen azterketa sozioekonomikoa egiteko eta benetazko informazio publikorako epea zabaldu arte egitasmoa gelditzeko eskatuko dute. Arabako Foru Aldundira joko dute.
Bigarren asanblada egin dute gaur arratsaldean Añana eskualdeko bizilagunek Barronen Ebroko Ur Konfederazioak egin nahi duen urtegiari buruz hitzegiteko. Arabako urtegi handienetakoa izango litzateke, Albinaren tamainakoa, eta teorian behintzat lurrak ureztatzeko balio behar du. Haatik, inguruko bizilagunek ez dute makroproiektuaren beharra inondik inora ikusten.
Kolore guztietako lagunak bildu dira Espejoko asanbladan, eskualdeko herri askotako bizilagunak, kaltetutako nekazariak, UAGA sindikatuko kideak, ureztatzaileak, Gaubeako alkatea eta Kuadrillako lehendakaria, EHBildu, Podemos eta Irabaziko eledunak, Ekologistak Martxan taldekoak eta Kontzejuen elkartekoak.