Gai zerrenda luzea prestatu dute. Lehenik eta behin aurreko astean Arabako Biltzar Nagusietan Nekazaritza diputatu Eduardo Aguinacok EH Bilduren galdera bati erantzunez Barrongo urtegiaren inguruan esandakoa aztertuko dute. UAGA sindikatuak hartu duen jarrera aurkeztuko dute ere eta Ureztatzaileen Taldeko kideek informazioa emanen dute egitasmoari buruz. Bestalde Barrongo urtegiaren inguruan mozioa prestatuko dute Biltzar Nagusietan eztabaidatzeko. Halaber urtegiaren aurrean lurrak urmaelen bitartez ureztatzeko dauden aukerak aztertuko dituzte eta azkenik herri kontsultara deitzeko kontzejuek dituzten eskumenak mahai gainean jarriko dira.
Urte luzez geldituta egon ostean iazko abuztuan atera zen informazio publikora Barrongo urtegiaren egitasmoa eta orduan ezagutu zituzten kaltetuek benetako zifrak. Harriduraz hartu zituzten. Añanako sailak ureztatzeko Albinaren tamainako urtegia egin nahi dute, 70-80 hektarea lur inguru okupatu eta 182 miloi euro gastatu. Bestalde Barron eta Atiega herrien arteko errepidea desagertu eta 35 metroko presaren horma nagusia Atiega herritik gertu eraikiko dute.