erresidentziak

San Roqueko adinekoak "pixoihalak bistan" eramatera behartu dituztela salatu dute senideek

Erredakzioa 2024ko urr. 14a, 17:03

San Roque egoitzan arazo "larriak" salatu ditu Zaintza Arabak. Argazkia: AIARALDEA.EUS

Zaintza Araba senideen elkarteak Gizarte Politikako foru diputatuari idatzi dio, Laudioko egoitzan esku hartzeko eskatuz. Egoera "oso kezkagarria eta larria dela", azaldu dute.

Zaintza Araba elkarteak Gizarte Ongizateko foru diputatuari, Gorka Urtarani, gutuna igorri dio, Laudioko San Roque adinekoen erresidentziako hainbat seniderekin bilera izan ondoren. Gutun horretan adinekoen "duintasuna" urratzen duten hainbat egoera zerrendatu ditu elkarteak. "Zaintza Arabatik uste dugu azaldutako egoera oso kezkagarria eta larria dela, eta berehala konpontzeko beharra dagoela", esan dute.

Besteak beste, Zaintza Arabak azaldu du adinekoak pixoihala bistan eramateko eskatzen zaiela senideei; eta, are gehiago, horrela janzteko "presionatzen" dituztela. Elkarteak dioenez, "familiei eskatzen zaie egoiliarrek galtzak atzealdetik irekiak eramateko. Eskakizun surrealista horren argudioa da horrela pixoihala errazago aldatzen dietela, eta ez dietela kalterik egiten".

Familia batzuek uko egiten diote eskakizun horri, "egoiliarrak ipurdia airean dutela joaten direlako, pixoihala erakutsiz, eta ibiltzen hasten direnean irudia patetikoa delako". "Non dago errespetua, duintasuna, etika?", galdetu du Zaintza Arabak. Bada, senidea modu horretan jantzita eramateari uko egin dioten familiei "presio lotsagarria" egiten zaiela salatu du Zaintza Arabak. "Egoiliarrak jantzitegiko arroparekin janzten dituzte, normalean hildako egoiliarrena dena; eta horrek kalte handia egiten die jantzia norena den ezagutzen dutenei".  Hori ikusirik, galtzak irekitzea eta egoiliarrak "duintasunik gabe jantzita joatea" onartzen ari dira familiak, Zaintza Arabak salatu duenez.

Halaber, senideek nabarmendu dutenez, inork ez die azaldu "zergatik utzi dioten pixoihal-kuleroa jartzeari", nahiz eta adineko askok eta askok hori pautatua duten.

Egun osoa gurpil-aulkian

Bestalde, senideen elkarteak gizarte ongizate diputatuari bidalitako gutunean jasotzen da ibiltzeko laguntza behar duten egoiliarrek "egun osoa gurpil-aulkian" ematen dutela; familiek jakinarazi behar dizkiotela erizainari senideak dituen osasun arazoak; senideek ez dutela inolako informaziorik jasotzen; eta egoitzako langileek ez daramatela identifikaziorik, "eta ez dakigu norekin hitz egiten ari garen". Halaber, Laudioko erresidentziako zuzendariak eta gizarte langileak senideekiko eta hurbilekoekiko duten jarrera gaitzetsi dute gutun horretan. "Askotan, senitartekoen errekerimenduen aurrean, aurpegiratzen zaie senidea betetzen ari den plazak 6.000 euro balio duela", azaldu dute.

Foru diputatuari zuzendutako idazkian, erabiltzaile baten portaera txarragatik jarritako isuna bertan behera uzteko eskatu du ere Zaintza Arabak, eta azaldu du portaera horren jatorria dela neurologoak eta familia-medikuak agindutako tratamendua ez zela ematen ari. "Agerikoa da zehapena ez dagoela justifikatuta, eta, beraz, kentzea eta hala jasotzen duen ebazpen bat ematea eskatzen dugu".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago