Laudioko alkate Ainize Gastakak medikurik ez egotearen ondorioz bizilagun bat hiltzea "egoera onartezina" dela gaitzetsi du. Halaber, ehunka lagun batu ziren Laudion larunbatean "aski da, osasun sistema publiko eta duina orain!" lelopean, bizilagunaren heriotza salatzeko.
Bestalde, Osasun Sailak pazienteak bihotzeko lesio "oso larria" zuela adierazi du, eta bizi euskarri aurreratua duen anbulantzia bat bidali zutela Bilbotik bizilagunari bihotzekoak eman zionean, ostiral goizaldean, Laudioko Zainketa Intentsiboetarako Unitate mugikorrean ez zegoelako medikurik.
Anbulantzia 15 minutuan iritsi zela gehitu du. Pazientea Bizkaiko ospitale batera eraman zuten eta bertan zendu zen. "Pazienteak tratamendu espezializatua jaso zuen, bihotz-kateterismoa barne, baina, zoritxarrez, bihotzeko lesioa oso larria zen eta heriotza eragin zion", jakinarazi du Osakidetzak.
Laudioko beste gizon batek bihotzekoa pairatu zuen gau berean, eta kasu horretan ere Bilboko ZIU batek eraman behar izan zuen pazientea ospitalera, Laudioko Etengabeko Arreta Gunera bere kabuz gerturatu ondoren.
Ostiraleko heriotzarekin, aurten bi izan dira bihotzekoak emanda hil egin diren bizilagunak Laudion. Urtarrilean 42 urteko laudioar bat zendu zen Laudioko Etengabeko Arreta Gunean, mediku baten arreta jaso gabe.
Medikurik gabe udan
Urtarrileko kasutik hona hainbat salaketa ekimen jarri dira martxan Aiaraldean etengabeko arreta guneetan egondako gabeziak salatzeko. Mediku falta izan dute Laudion, baita Amurrion ere. Apirilean Aiaraldeko herritarrek osasun larrialdi zerbitzuen auzia mahaigaineratu zuten jada, baina salatu dute arazoa ez dela oraindik bideratu .
Bestalde, Laudioko unitatea ez da izan kasu bakarra. Osakidetzako Langileen Batzordeak salatu du ekainetik hona ZIU Mugikorretako 100 txanda baino gehiagotan ez dela medikurik egon. Bastidan ere mediku errefortzurik gabe geratu dira uda honetan.
SOS Aiaraldea plataformak eskualde mailako protesta deitu du ostegun honetarako, abuztuak 29, 19:00etan, Laudioko herriko plazan. Bertan salatuko dute "beste hildako bat" egon dela "beharrezko osasun arreta jaso gabe.
Bestalde, Aiaraldeko Greba Batzordeak erreklamazioak jartzera deitu ditu herritarrak, udan Osakidetzan izandako murrizketen aurka, egoera salatzeko. Gertakariak haiei helarazteko ere eskatu dute, eta Osakidetzan kexa ofizialak jartzeko inprimakiak eskuragarri jarri dituzte sare sozialetan.