Normalean udaran izaten duten mediku errefortzua ez dutela izango salatu dute, aho batez, Bastidako udalbatzarreko talde guztiek, eta egoera horren aurrean protesta egiteko kontzentrazioa egin dute herrian, udalak deituta. Daniel Garcia (PP) alkatearekin batera, Aintzane Prieto (Lasa Bai, EAJren eszisioa herrian) eta Leire Garbayo (EH Bildu) bozeramaileek sinatu duten adierazpen baten arabera, "esan beharrik ez dago zergatik profesional hau nahitaezkoa den udaran". Diotenez, Osasun sailean soberan ezagutzen dute herriaren egoera zein den, "urtero medikua bidali baitute".
Udatiar andana biltzen dituen herria da Bastida: 1.606 biztanle erroldatuta dituen arren, uztail eta abuztuan 10.000 biztanle izatera igarotzen dela gogora ekarri du udalak.
Horiei ez ezik, bertako osasun zentroak zerbitzua ematen die ere biztanleria flotatzaile izenekoari, hots, Bastidatik gertu dauden Errioxako Erkidegoko herrietan oporrak ematen dituzten euskal hiritarrei.
Horregatik guztiagatik, "neguan egon ohi diren giza baliabide berdinekin halako kopuru bati zerbitzua eman nahi izatea errespetu eta begirune falta onartezina da; bai gehiegizko lan karga hartzen duten medikuekiko zein landa gunearekiko eta berton bizi garenokiko", dio udalbatzaren adierazpenak.
Aurreikuspenik ez
Diotenez, mediku nahikorik ez izatea ez da udalak edo beste ezein toki administraziok eragindako arazoa. "Ezta kalitatezko osasun zerbitzua behar duten herritarrena ere". Kontrara, alorrean esku- mena duten instituzioak dira, udalaren irudikoz, aurreikuspenez jokatu behar dutenak, arazoak "egiturazko gaitz bihurtu aurretik". Arrazoi horiengatik guztiengatik, osatu berri den Jaurlaritzako Osasun Sailari eskatu diote "urgentziazko neurriak" har ditzala "justifikaziorik gabeko erabakian" atzera egin eta "oinarrizko zerbitzua" ziurtatzeko.