Hartzekodunen konkurtsoan eta Enplegu Erregulazioko Espediente baten mehatxupean, autoetako haizetakoak ekoizten dituen Autoglas-Glavista fabrikako 200 langile inguru kaleratuak izateko arriskuan daude.
Testuinguru horretan, ELA sindikatuak proposamen zehatz bat plazaratu du: Eusko Jaurlaritza Glavistaren kapitalean sartzea, kontrol publikoa izateko eta enpresa horrek orain arte jasotako 2,5 milioi euroko diru-laguntzak "defendatzeko". Azaroaren 2an, enpresa batzordea —ELAko zazpi delegatu eta LABeko bat— eta bi sindikatuetako kideak Eusko Jaurlaritzarekin bildu ziren. ELAk txosten bat aurkeztu zuen bertan, erreskaterako proposamenarekin eta Laudioko fabrika berriz abiarazteko neurriekin.
Sindikatuak azaldu duenez, bideragarritasun planak konkurtso administrazioaren eta enpresaren espedientea esleitu zaion merkataritza arloko epaitegiaren oniritzia jaso du jada. "Enpresaren bideragarritasuna erakusten duen funtsezko datua da, eta eragile guztiak behartzen ditu, Eusko Jaurlaritzatik hasita, erakutsi den irtenbide errealista batekin konprometitzera", azpimarratu dute langileen ordezkariek.
Horretarako, enpresak akordioa behar du inbertitzaile berriaren (Newco Anime Opco) eta 2020ra arte fabrikaren jabea izandako Guardian multinazional amerikarraren artean. "Glavista bideragarria izan dadin, ezinbestekoa da Guardian eta proiektuan inbertitzeko prest dagoen enpresaren arteko akordioa lortzea. Ildo horretan, beste neurri garrantzitsu bat da fabrika kokatuta dagoen lurrak eta instalazioak desjabetzea, gaur egun Guardianenak baitira", azaldu du ELAk.