Laudioko Glavista (Autoglas, 2020 arte Guardian Llodioko kide zena) enpresako "egoera larria" jakitera eman du gaur ELA sindikatuak. Izan ere, zuzendaritzak langileei jakinarazi berri die hartzekodunen aurrekonkurtso bati egin beharko diotela aurre.
Horren aurrean, sindikatuek ostiral honetan, otsailaren 20an, lehen mobilizazioak deitu dituzte, 13:00etatik 15:00etara lantegiko atariaren aurrean.
ELAk salatu du Guardian dela egoeraren "errudun nagusia", eta gogorarazi du enpresa hori dela 2020an erabaki zuena Laudioko fabrika automobil dibisiotik aldentzea, Parter Capital inbertsio funtsaren eskuetan jartzeko, "aldez aurretik abisatu gabe eta ustekabean". Sindikatuak azaldu duenez, gaur egun Auzitegi Nazionalaren ikerketapean dago Parter Capital, Alu Iberica auziaren barruan (Alcoa izandakoa) bat-batean egindako salmena prozesu batean izandako irregulartasunak direla eta.
Glavistaren hartzekodun nagusi den heinean, Guardian enpresari "fabrikaren bideragarritasuna bermatzeko irtenbidea bilatzeko" eta zuzeneko 240 lanpostuak babesteko tresnak "bere esku" dituela aldarrikatu du ELAk.