Joan den astean, haizetakoen ekoizpenean aritzen den Laudioko Glavista-Autoglas enpresak Enplegu Erregulazioko Espedientea (EEE) aurkeztu zuen, 240 langile kaleratuko dituela iragarriz. ELA eta LAB sindikatuak buru dituen enpresa batzordearen arabera, kontratuak eteteko prozesuaren baimena "berehala" iritsiko da Gasteizko merkataritza epaitegiaren eskutik.
Horren aurrean, asteazken honetan, 25 langile inguruko talde batek ostiralera arte luzatuko den itxialdia abiatu du fabrikaren barruan, lo-zakuekin eta janariarekin. Dozenaka herritarren txalo eta animo oihu artean sartu dira barrura, eguerdian. Ostiralerako, urriaren 6rako, eskualdeko manifestazioa deitu dute enpresa batzordeak eta SOS Aiaraldea plataformak, lanpostuak defendatzeko eta Guardian multinazionalari "konponbidea" exijitzeko; 18:00etan abiatuko da fabrikako sarreratik.
Ordura arte, Aiaraldeko eragileak eta beste enpresa batzordeetako kideak hurbilduko dira itxialdian daudenei babesa ematera. Informazio postu bana jarri dute herriko plazan eta Glavistako atarian, eta herritar orori luzatu diote hurbiltzeko gonbidapena. Gainera, ostegun eta ostiral eguerdian, 12:00etatik 14:00etara protesta egingo dute lantegiaren atarian.
"Programatutako itxiera"
Gaur egun, hartzekodunen konkurtsoan dago enpresa. Une honetan eta duela hilabete batzuk, egoera blokeatuta dago; Guardianek ezezkoa eman baitzion lursailak saltzeari, enpresaren bideragarritasuna bermatzeko aukera gisa. Guardian multinazional amerikarra fabrikaren jabea izan zen 2020ra arte, Suitzako Parter Capital inbertsio-funtsari saldu zion arte; orain, talde horrek aurkeztu du espedientea.
"Parter Capitalek konpainia abandonatu du, eta Guardian Industries taldeak blokeatu egin du industria proiektu berria garatzeko aukera, baita jarduera garatzen den lurren salmenta bera ere", salatu zuten langileen ordezkariek ostiralean, "programatutako eta telegidatutako itxiera" onartuko ez duela ohartaraziz. "Hilzorian hainbat hilabete pasata, behin betiko itxi nahi dute. Eskualdeko industriari kolpe gogorra suposatuko dio".
Langileen batzordeak dei egin die erakundeei inplikatutako aldeekin negoziatzen jarrai dezaten, "enpresaren eta lanpostuen bideragarritasuna bermatuko duen akordio bat" lortzeko helburuarekin.