Bi aste barru, Gasteizko jaien ostean eta Laudioko jaien atarian, Amurriok herriko jaiei hasiera emango die. Txupinazoarekin eta Iguarrakoren etorrerarekin lehertuko da festa, abuztuaren 12an, 19:00etan, eta abuztuaren 17ra bitartean, sei egunez, milaka lagunek gozatu ahal izango dute ehun jarduera baino gehiago eskainiko dituen egitarauaz.
"Gustu eta adin guztietako ekintzez betetako" programazioaa gaur aurkeztu du Amurrioko Udalak, herrian "giro ona eta gozamena" bermatzeko asmoz. Handiek eta txikiek musika eta kale antzerki onenaz, kirol jarduerez, karroza lehiaketa tradizionalaz eta lehiaketa gastronomikoez gozatu ahal izango dute, besteak beste.
Jaien atarikoak
Jaiak hasi aurretik, abuztuaren 5ean santuaren jaitsiera egingo dute, San Roke ermitatik Santa Maria parrokiara. Gainera, abuztuaren 11n, goizean, Amurrio Hiria pilota txapelketaren finalak jokatuko dira udal pilotalekuan. Egun berean, haurrek barraka-guneko atrakzioez gozatu ahal izango dute 1,5 euroko prezio berezian.
Barraka irisgarriagoak
Txerra Molinuevo alkateak azaldu duenez, iaz bezala, barraka gunean dibertsitate funtzionala duten pertsonei laguntzeko neurri bat hartu dute, amurrioar guztiek jaiez gozatu ahal izateko: egunero, 17:30etik 18:30era, aniztasun funtzionala errespetatuko dute barrekek, eta tarte horretan ez da egongo hipersentsibilitate sentsorialetan eragin dezakeen musika edo argi indartsurik.
Kontzertuak
Duela hilabete, Amurrioko Udalak aurtengo jaietako eskaintza musikalaren berri izan zuen, Su Ta Gar, Gozategi, Kai Nakai eta Akerbeltz taldeen kontzertuak nabarmenduz:
- Abuztuak 12, larunbata: Cuatro Bancos + Su Ta Gar + Disko Festa Remember (22:00etatik aurrera)
- Abuztuak 13, igandea: Jamaica Show Orkestra (22:30etik aurrera)
- Abuztuak 14, astelehena: Gwaya + Gozategi + DJ Blessive (22:00etatik aurrera)
- Abuztuak 15, asteartea: Kai Nakai + Oxabi erromeria (21:00etatik aurrera)
- Abuztuak 16, asteazkena: Rumbo Tijuana + Akerbeltz erromeria (21:00etatik aurrera)
- Abuztuak 17, osteguna: Patxi Perez, dantza plaza emanaldia (21:00etatik aurrera)
Txosna solidarioa
Jaien ardatz izango den musika eskaintzaz harago, "eraldaketa sozialaren" ildotik, Amurrioko Udalak txosna solidario bat jarriko du abuztuaren 12an eta 14an, Juan Urrutia plazako kontzertuetan. Bertan bildutako dirua Duchenne eta Becker Distrofia Muskularra duten haurren gurasoen Duchene Parent Project España (DPPE) elkartearentzat izango da, gaixotasuna sendatzeko edo tratatzeko eta gaixoen zein haien familien bizi kalitatea hobetzeko lan egiten jarrai dezan.
Haurren eta Adinekoen Eguna
Abuztuaren 13an, igandean, haurrei eta adinekoei zuzendutako hainbat jarduera izango dira. Goizean, udal parkean, puzgarriak, ludoteka, tailerrak, txirrista freskagarria eta apar festa izango dira, eguerdira arte. Arratsaldean, Iguarrakoa bisitatu ahal izango da udaletxean; dantzaldiak egongo dira Ganeko taldearekin, Frontoi kalean; eta Kalaka jolasak parkean. Bukatutakoan, Sun eta Rosi magoen magia ikuskizun bat ikusi ahal izango da Juan Urrutia plazan.
Arte eszenikoak
Amurrioko jaien egitaraua osatzeko, ez dira faltako arte eszenikoak, antzerkiak eta dantzak: besteak beste, abuztuaren 13an Ramiro Vergazen White Bottom kale antzerkia izango da Urrutia Jauregiko Landaren, elizatik gertu; abuztuaren 14an, berriz, Jimena Caballetiren Mecha kale antzerkiaren txanda izango da, San Anton plazan.
Abuztuaren 15ean, Txirrindularitza Sari Nagusia, LXVIII Aiara Zirkuitua, Arabako Txapelketa eta Daniel Albizua Memoriala ospatuko dira. Gainera, perkusio tailerra egingo da udal parkean, Uganda Sticks tribu dantza eta perkusio ikuskizunarekin. Ondoren, Aiara Dantza Taldeak euskal dantza erakustaldia egingo du Juan Urrutia plazan.
Abuztuaren 16an, asteazkenean, LVII. Aurresku eta Jota Lehiaketa eta David Vegaren Soñando Magia kale antzerkia izango dira udal parkean. Eta, azkenik, jaien azken egunerako, dantza plaza ikuskizuna programatu dute, Patxi Perezen eskutik, Juan Urrutia plazan, baita disko ibiltari kalejira ere, frontoitik.
Herri ekitaldiak
Abuztuaren 13an, XII. Marmitako Gastronomia Lehiaketa izango da, eta hilaren 14an, odoloste janaldia; bi ekitaldiak San Anton plazan. Abuztuaren 16an, kuadrillen karrozen desfilearen txanda izango da, eta jaien azken egunerako bi lehiaketa gastronomiko antolatu dituzte: XXII. Tortilla Lehiaketa eta II. Sukalki Lehiaketa.
Jai herrikoiak eta txosnak
Udalak antolatutako eskaintzatik harago, Amurrioko Jai Herrikoien aldeko Batzordeak egitarau propioa aurkeztu du aurten ere. Amurrioko Gazte Asanblada, Amurrio Harro, Amurrioko Koadrilak, Ernai, Ikama, Mendiko Lagunak, Otsemeak eta Etxera mugimenduaren txosnagunearen egitaraua abuztuaren 11n, ostiralean, hasiko da, eta askotariko jarduerak, kontzertuak eta pintxadak eskainiko ditu:
EGITARAUA